Xabier Aierdi. EHUko irakaslea

«Unibertsitateari min egin nahi izan zaio, baina ez dute lortu kriminalizatzea»

Xabier Aierdi eta Enrike Antolin EHUko irakasleak absolbitu egin ditu Bilboko epaitegiak. Bi ikasle deportaturen irakasle lanak egiterakoan ez zutela prebarikatu ondorioztatu du epaileak.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2013ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Hiru egunez epaituak izan ondoren, Bilboko Auzitegiko epaileak bulegora deitu zituen atzo eguerdian Xabier Aierdi eta Enrike Antolin irakasleak, absoluzio epaiaren berri emateko. Ebazpenarekin pozik dagoela aitortu du Aierdik, «gauzak bere onera» etorri direlako. «Bidezkoa zena erabaki da». Uste du auziarekin EHUri kalte egin nahi izan zaiola, baina azkenean kontrakoa lortu dela: «EHUren izena berrindartuta atera da». Hau guztia absoluzioarekin amai dadila espero du.

Nola jaso duzu absolbitzen zaituen epai hori?

Ni neu oso pozik nago, eta, oro har, uste dut bidezkoa zena erabaki dela. Alde batetik, guk gure lanaegin dugu, eta ezin izan dugu prebarikatu; azken finean, guri ez zegokigun lana egitea izango litzatekeelako prebarikatzea. Deportatuta zeuden ikasleak EHUn matrikulatuta zeuden, eta edozein ikaslek zituen eskubide berberak zituzten. Alde horretatik pozten gara gauzak bere onera etorri direlako. Instituzioaren aldetik ere garrantzi handikoa da ebazpena, Euskal Herriko Unibertsitatearen izena ere berrindartua atera delako. Uste dut mina egin nahi izan zaiola gure unibertsitateari, baina kriminalizazio ahaleginak ez du aurrera egin.

Espero zenuen absoluzioa?

Egia esanda, zalantzak bagenituen. Hala ere, epaiketa joan den moduan ikusita, aurreikus zitekeen honela bukatu behar zuela.

Epaiketa honen atzean zer egon da? Zer lortu nahi izan dute zuek biak akusatuen aulkira eramanda?

Bere garaian nahi izan zuten unibertsitatearen kontra jotzea, eta ikusi zuten unibertsitateak bazuela eskubidea presoei eta abarrei arreta eskaintzeko. Gainera,Auzitegi Konstituzionalak ere babestu egin zuen protokolo hura, baina deportatuen kasua argitu gabe utzi zuen. Eta hori izan da honaino iritsi dena: azken iltze goriari eutsi nahi izan diote, sekula hasi behar ez zuen prozesu bati iraupena emateko. Espero dugu epai honekin bukatuko dela hau guztia.

Auzia aspalditik dator. Hasiera batean presoekin tutore lanak egitegatik 36 lagun inputatu eta ehunka espediente akademiko zabaldu zituzten. Horiek denak artxibatu egin zituzten, zuenak izan ezik. Zergatik?

Azken ahalegin bat izan da. Deportatuen kasuak argitu gabe geratzen ziren, eta horiek ez ziren sartzen, printzipioz, presoen logika berberarekin. Guk, ordea, ez genuen bereizketarik egiten, eta mundu guztiari arreta berbera eskaintzen genion. Eta uste dut gurea izan dela zegoen azken aukera auzi honekin jarraitzeko. Horregatik iritsi gara honaino.

Epaiari helegitea jartzeko aukeradago oraindik.

Ebazpen honi helegitea jartzeko aukera dago, bai, baina espero dudana da aurrekari hauek guztiak hemen gera daitezela, hau guztia urrunago hel ez dadin. Hemen bukatu behar du kontu honek guztiak, atzean ezdagoelako ezer, ezin zitekeelako ezer egon. Oraingoan arrazoi juridikoa gailendu egin zaio arrazoi politikoari, eta uste dut hori dela elementurik garrantzitsuena.

Elkartasun handiajaso duzue, batez ere EHUtik: Gobernu Kontseiluak, irakasleek, ikerlariek...babesa agertu dizuete.

Zeharo babestuta sentitu gara, batez ere unibertsitatearen aldetik. Azken batean, unibertsitateari berari egindako eraso bat izan da, gugan gorpuztu dena, bainaunibertsitateari egindakoa. Horrez gain, hainbat erakunderen eta jenderen babesa ere izan dugu. Hainbat elkartasun adierazpen izan ditugu, eta bere garaian aztertuko ditugu heldu zaizkigun elkartasun mezu horiek guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.