UPNk atzera egin ezean «gobernua hautsiko» dela ohartarazi du PSNk

PSNk berretsi du gobernu ituna «hautsi» duela UPNk, eta esan du «etenda» dagoela bere departamentuen ohiko jardueraBarcinak arrazoitu du ez duela atzera egingo saihetsezina delako 132 milioi murriztea

joxerra senar
Iruñea
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak krisian jarraitzen du. PSNk eta UPNk bereari eusten diote, eta ez batak, ez besteak ez du atzera egiteko keinurik egin. Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak argi utzi du «doikuntzak» egitea ezinbestekoa dela, eta, hortaz, beste 132 milioi euro murrizteko asmoari eutsi dio.Alabaina, atzo arratsaldeko bileraren ostean, PSNk ostiralean jarritako baldintzak berretsi dizkio UPNri. Batetik, eskatzen dio gastua 132 milioi euro murrizteko foru agindua atzera botatzeko. Bestetik, ekonomiaren «benetako egoera» ezagutarazteko beharra azaldu du, gobernu akordioa berriro gauzatzeko baldintza gisa. «Arlo ekonomikoan ziurtasunik ez bada, Nafarroako Gobernua hautsi egingo da», ohartarazi du.

PSNk uste du iazko ekainaren 21ean bi alderdiek sinatutako akordioa hautsi egin duela UPNk. Hitzarmenean jasotzen zenez, gobernuaren jarduerak «bateratua» izan behar zuen, baita «elkarrekiko leialtasunean oinarritua» ere. PSNren ikuspuntutik, aurrekontuetatik 132 milioi euro blokeatzeko Alvaro Mirandak ostiralean sinatutako erabakia «aldebakarrekoa» eta PSNren irizpideen aurkakoa izan zen. Horregatik, orain arlo ekonomikoan «ziurtasuna» eta gobernu jardueran leialtasuna exijitu ditu PSNk. Eskaera hori batez ere «printzipioei» dagokiela arrazoitu du, eta ez «murrizketa baten zehaztapen huts bati».

PSNk ez dio epemugarik jarri UPNri, ordea. Gaur arratsatsaldean, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusi eta gobernuko presidenteordea Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin bilduko da. Bilera hori aurretik hitzartua zuten, baina egun batzuk aurreratu dute. Batik bat, gobernuaren krisia aztertuko dute bi agintari sozialistek. Alderdi sozialistak azaldu duenez, krisia konpontzen ez den bitartean, bere menpeko gobernuaren hiru departamentuetako ohiko jarduera «etenda» egongo da. Ez du argitu horrek zer esan nahi duen eta zer ondorio dituen.

Orain arte, PSNren kritikak adierazpen publiko batzuk baino ez dira izan, baina kritikek ez dute eraginik izan gobernuaren jardueran. Maiatzaren erdialdera,bi alderdiek akordio bat hitzartu zuten, gastu publikoa 60 milioi euro murrizteko eta zerga eta tasa igoera bidez 27 milioi euro gehiago biltzeko. Hiru aste geroago, kontu publikoak hankaz gora daude berriro. Maiatzera arteko datuen arabera, diru sarrerek %13,5 egin dute behera, eta, lehen bost hilabeteetan, defizita barne produktu gordinaren %1,09 da; hots, urte osorako Espainiako Gobernuak jarritako %1,5ko defizita gainditzeko bidean da Nafarroa. Hori dela eta, ostiralean, bat-batean, UPNk aurrekontuetako gastua 132 milioi euro txikitzeko agindua eman zuen.

Erabakia hartzeko moduan zein azalpenetan, ez datoz bat bi alderdiak. Batak besteari botatzen dio errua. UPNren ikuspuntutik, PSNk hautsi du egonkortasuna, eta hari dagokio atzera egitea. Hala, egoera ekonomiko «bereziki zail horretan», erantzukizunez jokatzeko deia egin dio. «Espero dut PSNk ez duela gure lurralde honen egonkortasuna hautsiko», adierazi du Barcinak. Kontu publikoak familia batenarekin alderatzen ditu berak: «Ez dugu diru sarrerarik, kontuak berdindu egin behar ditugu, eta gobernuak erabaki behar du, beti bezala, nola egin. Egia borobila da diru sarrerak jaitsi egin direla eta neurriak hartu behar ditugula. Edozein familiak ulertuko du». Presidenteak ukatu egin du Alvaro Miranda kargugabetu egingo duela, «kontuak ez baitira orekatzen inor kargugabetuz».

Goizean, Juan Jose Lizarbek ostiraleko tonua leundu, eta akordio batera iristeko prest azaldu da. Bere esanetan,Mirandak eta Barcinak ostiralean Roberto Jimenez presidenteorde sozialistari ohartarazi zioten Espainiak Nafarroan esku hartuko zuela 132 milioiko murrizketa onartu ezean. Lizarberen ustez, mehatxu hori gezurra da, eta ez da posible alde batek bere kabuz hartzea horrelako erabakiak.

«Seriotasun falta»

Oposizioko alderdiek zur eta lur ikusi dute ikuskizun politikoa. Patxi Zabaleta NaBaiko eledunaren arabera, «arinkeriaz» jokatzen ari dira bi alderdiak. «Seriotasun falta dago kudeaketa publikoan», bere ustez. Bilduko Maiorga Ramirezen ustez, berriz, «ezer ez da aldatu», UPNk eta PSNk «batuta» jarraitzen dutelako oposizioaren proposamenak atzera botatzerakoan. Maiorga Ramirezen ustez, PSNk berehala utzi beharko luke gobernua, herritarrek itxurakeria dela pentsa ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.