UPN eta PSN beren 28 parlamentariez baliatu ziren atzoNafarroako Parlamentuan, eta banan-banan oposizioaren zuzenketak atzera bota zituzten. Atzo ez zen eztabaida politikorik egon. Akaso, oposizioaren eta gobernuko bi bazkideen arteko iritzi trukatze bat. UPNko Carlos Garcia Adanerok esan zuen zerbitzu publikoen «bermatzaile» direla aurrekontuak. «Ez dira gure gustuko aurrekontuak, baina bai dira aurrekontu posible bakarrak», arrazoitu zuen, berriz, PSNko Juan Jose Lizarbek. Aurtengoekin alderatuta, aurrekontuek 236 milioi euroko murrizketa proposatzen dute. Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak gobernuko alderdiei erantzun zieten badagoela bestelako aurrekontuak egiteko modua.
Aurrekontuak gaur onartuko dira. Berez. UPNren eta PSNren arteko akordioak 2012rako 3.837 milioi euroko gastu publikoa jasotzen du. Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, 102 milioi euro gutxiago dira, baina abiadura handiko trenerako 134 milioi euroko inbertsioa gaineratuz gero, 236 milioi eurora handitzen da murrizketa. Nahiz eta AHTa estatuak finantzatu beharreko azpiegitura izan, diru hori 2013tik aurrera ordaintzen hasteko konpromisoa du Espainiako Gobernuak.Horregatik, Ezkerrako Jose Miguel Nuinek «arduragabetzat» jo zuen UPNren eta PSNren jarrera, «ez dagoelako diru hori jasoko den ziurtasunik».
Gizarte gastuan, 262 milioi
Kezka dago gizartean zerbitzu publikoek jasan dezaketen gainbeheraren inguruan. Bilduko Koldo Amezketak ohartarazi zuen hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak bere osotasunean hartuz gero iazko aurrekontuekin alderatuta 262 milioi euroko murrizketa ezarriko dutela. Horregatik, Maiorga Ramirezek gaitzetsi zuen aurrekontuok «ongizatea ahultzera» doazela. «Aurrekontuok ez datoz bat nafarren gehiengoarekin. Asimetria dago kalearen eta parlamentuaren artean».
Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko eledunak, berriz, kritikatu zuen aurrekontu horiek «betikoak» direla. Oposizioaren proposamenak aintzat ez hartzea eta elkarrizketa politikoari muzin egitea egotzi zien PSNri eta UPNri. Teknikoki «oso gobernu txarra» izatea leporatu zien. Haren ustez, «aukera galdu da» zerga presioa handitzeko. Aurrekontuekin batera, gaur, hainbat zerga neurri eztabaidatuko dira: Ondarearen Gaineko Zerga berrezartzeaz gain, aldaketa txikiak proposatu dituzte UPNk zein PSNk. Zabaletak zein Juan Carlos Longas NaBaiko parlamentariak atzo adierazi zuten zergak igotzeko marjina badagoela, batez ere errenta handiei.
PSNko Juan Jose Lizarbek, ordea, argudiatu zuen uneotan zergak igotzeko tarte txikia geratzen dela, horrek jarduera ekonomikoa baldintzatu dezakeelako. NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak zerga iruzurraren aurka gehiago inbertitzeko proposamenak egin arren, PSNk eta UPNk atzera bota zituzten zuzenketak.
PPren presentzia bere alde erabili nahi izan zuen PSNk. Lizarbek arrazoitu zuen UPNren eta PPren arteko balizko gobernu batek «are murrizketa gehiago» ezarriko lituzkeela.
Espainiako Gobernua izendatu berri denez, ikusteko dago zer jarrera hartzen duten orain PSNk eta UPNk, batez ere Mariano Raxoik erkidegoei bere irizpideak ezartzen hasten denean.
Gaur onartuko dira aurrekontuak, baina ziurrenik ez dira behin betikoak izango. Urtero gertatu den legez, gastua are gehiago murrizteko tenorean egon daiteke gobernua udaberritik aurrera.
UPNk eta PSNk 236 milioi euroko murrizketa ezarriko dute 2012an
Oposizioaren ia zuzenketa denak atzera bota dituzte; aurrekontu «bermatzaileak» direla eta errealistak direla azaldu dute biekBilduk, NaBaik eta Ezkerrak azaldu dute beste aurrekontu batzuk egin daitezkeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu