Azaroaren 20ko gaua ilusioz eta urduritasunez betea izan zen Geroa Bai koalizioaren diputatu hautatu berri Uxue Barkosentzat (Iruñea, 1964). «Telebistan ibilitako pertsona naiz, eta buruan irudiak gorde ohi ditut, baina gau hartako irudirik ez dut». Hala deskribatzen du gau hartan sentitutakoaren ondorena. Botoen zenbaketa aurrera joan ahala, Nafarroako azken eserlekua bereganatzeko lehian gero eta gehiago hurbildu zitzaion UPN-PPri, eta, azkenean, helburua lortu zuen. Barkosen iritziz, emaitza hori oso garrantzitsua da, galera horrek uste baino kalte handiagoa eragin duelako UPNren barnean.
Estatutik kanpoko botoak zenbatuta, jada ofiziala da Geroa Baik diputatu bat lortu duela. Zeren ondorio da lortutako emaitza?
Maiatzean egin bezala, argi eta garbi defenditu dut Nafarroan politika euskaltzale eta abertzalea egiten dugunok lan egiteko esparru askoz ere ederragoa dugula gauzak ongi eta koherentziaz egiten baditugu. Askok ez dute ulertu, eta horregatik ez da batere erraza izan ideia hori defenditzea. Beraz, emaitzok eta herritarren erabakiak baliagarriak badira gauzak horrela direla ulertzeko, pozik geratuko naiz.
Zuen aurreikuspenen gainetik ibili al zarete?
35.000 boto inguru lortzea zen xedea. Zer-nolako baldintzatan lehiatzen ginen kontuan hartu behar da. Batetik, izen aldaketa; bestetik, Amaiurrek garai politiko polita izan du, eta horrek erakartzen ditu herritarrak; boto baliagarriaren aldeko deia egin dute gainera... Gauzak ez zeuden gure alde. Geroa Baira iritsi den boto bakoitzak proiektu horren alde dagoela esan nahi du.
Kanpainaren aurretik esan zenuen erronka zaila bezain arriskutsua zela. Denborak arrazoi eman dizu?
Denborak ez, hautesleek. Politika egiteko beste modu bat aldarrikatu dugu, eta azkenean emaitzak lortzen dira helburuak finkatu egin direlako. Bagenekien apustu zaila zela, baina apustu koherentea zen, eta hori zen gure arrazoia: koherentzia politikoa. Jarrera horrek emaitzak lortu ditu.
Hauteskundeotan Aralarrek Amaiurrekin bat egin du. Zer erantzuten diozu Aralarreko zuzendaritzari?
Maiatzean guk defenditutakoak eta herritarrek erabakitakoak erantzun edo jarrera berbera izan du orain.
Esparru abertzalean Geroa Bai eta Amaiurren artekoa lehia izan da. Nola baloratzen duzu kanpaina?
Oso garrantzitsua da moduak garbiak izatea.
2000. urtean ez zegoen diputatu abertzalerik Nafarroan; hurrengo bi legealdietan NaBaik bana lortu zuen; orain, berriz, bi diputatu abertzale joango dira Nafarroatik.
Apustu argia egin izan dugu betidanik, eta askotan ez da ulertu. Geroa Bai eta Amaiurren botoak zenbatuta 90.000 ematen dute, eta ez dut uste Nafarroan 90.000 abertzale daudenik. Oso zail ikusten dut hori, soziologikoki gauzak ez direlako hainbeste aldatu. Guk Geroa Bairekin lortu duguna izan da NaBaik lortu zuena. Nahiz eta hautagaia abertzalea izan, abertzaleak ez diren herritar askoren botoa jasotzea; hau da, «ez diot botoa ematen abertzalea delako, baina abertzalea izan arren botoa ematen diot gure interesak defenditzeko». Guretzat aldaketa hori oso garrantzitsua da.
Zure ustez, emaitzek berresten dute Nafarroan estrategikoki interesgarriagoa dela bi proiektu abertzale bereizita aurkeztea?
Argi eta garbi. Hori gertatu zen maiatzean; hori gertatu da orain.
Zer balorazio egiten duzu UPN-PPk izandako boto galeraren inguruan? Zer esan nahi du gutxigatik hirugarren eserlekua galdu izanak?
Nafarroan iragan igandeaz gero ikusten hasi gara UPNren boterearen amaierako bidea.
Zer ondorio izango ditu: hauteskundeak aurreratzea baztertu egin liteke, eta PPri jada ez zaio interesatuko UPNrekin bat egitea bultzatzea?
Ez naiz gai horrelako aurreikuspena egiteko, baina ez da oso zaila imajinatzea zein izango den PPren erantzukizun eskaera UPNren etxe barruan. PPk botoak galdu dituen lurralde bakarra izan da Nafarroa. Beraz, uste dut PPk erantzukizunak eskatuko dizkiola UPNri, eta ez alderantziz.
PSNk lortu du maiatzeko odolustea geratzea, eta 72.656 boto lortu ditu. Dena den, duela lau urteko emaitzekin alderatuta, %38 galdu du.
Estatu mailako porrota izan dute Nafarroan ere.
Gobernuko bazkide izanik, PSN eta UPN bata bestearentzako lasta bihur al daitezke?
Bata bestearen lasta izatea berdin zait. Hor arazoa izango da elkarren arteko lasta hori gobernura iristen bada, eta iritsiko da. Nola onartuko du Alderdi Sozialistak PPren politikak jarraitu, sustatu eta agian hemen ezarri nahi duenarekin gobernatzea? Neure buruari egiten diot galdera, baina agian sozialistek ez dute galdera hori egiten. Ideologikoki beti esan izan dugu koherentziarik ezak eragina izango duela gobernuan.
Ekonomikoki garai zailak datoz, baina politikoki oso interesgarriak. Zer egin dezakezue oposizioko hiru indar nagusiak alternatiba izateko asmoa eraginkorra izan dadin?
Ziurrenik bide berriak bilatu beharko ditugu, eta orain arte denon esku izan da helburu hori ez lortzea. Gero, bide bakarra ez dago. Askok bide bakarraren aldeko apustua egiten dute. Emaitza historikoak izan dira, eta ez dakit horrelako unerik gozatuko dugun urte askotan, baina hasi gara bide bat egiten. UPNren amaiera hasi egin da, buru argiz jokatu dugulako. Beraz, alternatiba eraginkorrak lortzeko, buru argiz jokatu behar dugu. Molde klasikoak ez dira baliagarriak.
Zer esan nahi duzu?
Bide berriak aurkitu behar ditugu, eta, horretarako, bilatu egin behar ditugu.
Uste duzu, Sanzen aldean, Barcinak lidergo arazoak dituela?
Bere erabaki ia guztiak aho batez hartu dituzte gero UPNn. Baina orain lidergo arazoak izango ditu bere jendearen aurrean. Iragan astelehenean, adibidez, kide historiko batek (Chus Latiendak) utzi egin zuen alderdiko zuzendaritza, eta, nire ustez, Barcinaren erantzuna lidergorik eza da.
Amaiurrek eskua luzatu dizue zuei eta EAJri.Zer erantzungo duzu?
Proposamena oso orokorra da, eta ikusiko dugu ondoren. Harremanak beti izan dira ezker abertzalearekin:Iruñeko Udalean, besteak beste, hainbat gaitan bat egin dugu, lehen ANVrekin orain Bildurekin. Beste zenbait gaitan desadostasun sakonak ditugu, baina eguneroko politikaz ari naiz. Gure ustez, dena edo ezer ezer bilatzen duten jarrera maximalistak amaituta daude, eta gizartearen beharrak direnak dira. Horrekin ez gatoz bat. Beti egon dira aukerak adostasunerako, eta horrela izan denean bat egin dugu.
Raxoik ezezkoa eman dio Amaiurrekin biltzeari, eta, horrez gain, zalantzan egon daiteke parlamentu taldea osatu ahal izatea.
Onartezina da. Kongresuan izan diren gainontzeko bederatzi legealdietan lan egiteko modua eta ohiturak hautsi egin ditu Raxoik. Amaiurri falta zaio lipar bat Nafarroan %15 lortzeko, eta araudia beti malgutasunez jorratu da, zentzuz. Raxoik zer nahi du? Euskal auzia erabiltzea zorraren eta arrisku sariaren gaineko bere ezgaitasuna ezkutatzeko? Badirudi baietz.
PPk gehiengo absolutua du, baina oso erronka zaila. Zer-nolako legealdia izango dela uste duzu?
Oso legealdi zaila izango da edonorentzat, baina batez ere gobernu ardura hartuko duen alderdiarentzat. Horrela ikusi dugu hasiera-hasieratik. Kanpainan ez zuen ia ahorik ireki programazhitz egiteko... Hauteskunde eguna pasa da, eta oraindik ahoa itxita jarraitzen du. Ez dakigu nortzuk izango diren bere taldekoak, zein izango diren lehen neurriak... Esanguratsua da.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Uxue Barkos. Geroa Bairen diputatu hautatu berria
«UPNren boterearen amaierako bidea ikusten hasi gara Nafarroan»
Uxue Barkosen ustez, UPNri uste baino kalte handiagoa eragin dio azken eserlekua galdu izanak. Amaiurren proposamena orokorra izan arren, hainbat gaitan bat egingo dutelakoan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu