Oraingoz ez dute zentsura mozioa aurkeztuko, baina UPN jada gutxiengoan gobernatzen ari dela agerian utzi nahi du oposizioak etzi, osoko bilkuran. Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerra koalizioek Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari konfiantzazko mozioa aurkezteko eskatzen duen mozioa aurkeztu dute, eta Parlamentuko Eledunen Mahaian PSNk bat egin du eskaera horren tramitazioarekin. Hala, etzi, osoko bilkuran, eztabaidatuko dute mozioa, eta UPNren ahuldade politikoa agerian gera daiteke, gutxiengoan baitago. Oraingoz, PPren babesa baino ez du jaso UPNk.
Eledunen Mahaian, gerora parlamentuan aztertu beharreko gaiak jorratzen dituzte, eta bertan talde bakoitzeko eledunek emandako botoek ez dute zertan alderdiaren ondorengo jarreraren berr eman. Dena den, ez dirudi PSNk UPN babesteko asmorik duenik. Larunbatean, Yolanda Barcinak bere kontseilari berriei oposizioaren proposamen gehienei «ezezkoa» eman behar dietela aholkatu ostean, Lizarbek erantzun du «kanpotik» ezingo dutela «herritarren eskaera gehienei ezezkoa ematen dien gobernu bat babestu». Haren irudiko, egungo gobernua «PPren ezpalekoa da, argi eta garbi». Lizarbek ez du uste «inondik ere» Barcinak konfiantzazko mozioa aurkeztuko duenik: «Aurkezten badu, galdu egingo du; eta galduz gero, dimisioa aurkeztu beharko du».
Patxi Zabaleta NaBaiko eledunak ostegunean bozkatuko den mozioaren garrantzia azpimarratu du. Oposizioak aurrera ateraz gero, «eskandalu demokratikoa» izango da baldin eta gero presidenteak eskaera horri jaramonik egiten ez badio. «Mozio horrek ez du legez behartuko, baina politikiko eta moralki, bai». Zortzi legealditan ez da inoiz konfiantzazko moziorik aurkeztu, baina Lizarbek adierazi duen bezala, Zabaletak azaldu du mozio hori aurkezten duenak huts eginez gero dimisioa aurkeztu beharra duela.
Bakartxo Ruiz Bilduko eledunaren arabera, berriz, herritarren konfiantzarik ez du Nafarroako egungo gobernuak eta, horregatik, Barcinak berehala hauteskundeetara deitu beharko luke. «Edozein modutan, behartu egin behar da herritarrek hitz egin dezaten bozen bidez». Haren ustez, «UPNk eta PSNk ezarritako eredua dago krisian». Ezkerreko Jose Miguel Nuinek ere azaldu du «argitu» egin beharko litzatekeela zer babes duen gobernu horrek. Erabakia Barcinaren esku badago ere «bozetara» deitu beharko lukeela deritzo.
Carlos Garcia Adanero UPNko eledunaren arabera, oposizioak zentsura mozioa aurkez dezake: «Gobernuko presidentea kentzeko formula hori dute». Adaneroren arabera, oposizioak Nafarroaren «egonkortasunaren» alde egin beharko luke, horrelako mozioak aurkeztu ordez. PPren arabera, Barcinari soilik dagokio konfiantzazko mozioa aurkeztea.
UPNren gutxiengoa agerian utzi nahi du oposizioak Parlamentuan
Nafarroako Gobernuari konfiantzazko mozioa aurkezteko eskatzen dion testua bozkatuko da etzi, osoko bilkuran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu