UPNri Parlamentuko batzorde buruzagitza batzuk kenduko dizkiote

Aurretik inoiz egin gabeko eskaera egin dute PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak

joxerra senar
Iruñea
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hamar legealditan ez da halakorik gertatu. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak eskaera bat erregistratu dute Parlamentuan, UPNri batzordeetako buruzagitzak kentzeko. Astelehenean, Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen bileran bide emango zaio eskaerari, eta batzorde bakoitza biltzen denean aztertuko da gaia. Parlamentuko araudiaren arabera, bi taldek baino gehiagok egin behar dute eskaera, eta botoen hiru bostenak lortu behar dituzte batzordeburua kargutik kentzeko.

Ia denetan beteko dira bi baldintza horiek. Ondorioz, baliteke UPNk dituen zortzi batzordeetatik zazpi galtzea. Ogasun batzordean gehiengoa du eskuinak. Irailean, parlamentuko jarduna eta sektoreko gaiak aztertzeko hemezortzi batzorde osatu ziren. Ordu hartan, gobernuko hiru bazkideak eta EH Bildu ez ziren ados jarri, eta UPNk, gehiengoa zuenez, baliatu egin zuen bozketetan: zortzi batzordetako presidentetza lortu zuen —PSNk beste zazpi eta Geroa Baik hiru—. Batzordeburuaren zeregin nagusiaeztabaida zuzentzea izan ohi da.

Hor gertatu da UPNren eta eskaera aurkeztu duten lau taldeen arteko talka. Batzorde horietan agerraldiak egin direnean, UPNko presidenteek hitza kendu diete eledunei, eta azalpenak ematera joan izan diren gobernuko kontseilariei bigarren txandan erantzuteko aukera ukatu. PSNk protesta egin zuen, eta legebiltzarreko lege aholkularien txostenak arrazoi eman zion.

Horiek hala, ikusirik UPNk oposizioa egiteko balia zitzakeela kargu horiek, EH Bildurekin ados jarri dira PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, UPNri taktika horrekin jarraitzeko aukera kendu nahian. Eskaera sei batzordetara helarazi dute, beste bietan presidenteek eurek uko egin baitiote jada buruzagitzari.

UPNren protesta

Aurretik inoiz egin gabeko eskaera horren harira, UPNk ozen egin du protesta. Javier Esparzak salatu du sozialistek auzitan jartzen dutela UPNren jokabide demokratikoa, eta «ez, aldiz, EH Bildurena». «Eraso hori egitea ez da beharrezkoa; funtsik gabea eta bidegabea da». Haren irudiko, «EH Bilduri amore eman diote».

PSNko Ramon Alzorrizen arabera, UPNko batzordeburuen jokabidea ikusita egin dute eskaera. «Inoiz ez da gertatu batzordeko kide batek kargua erabiltzea politika egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.