Azpiegiturak

Ur azpiko tunela diseinatzeko proiektua lizitaziora atera du Bizkaiko Diputazioak

Tunelaren ibilbidea zehaztu dute: 3,037 kilometro izango ditu; hiru aukeretatik luzeena izango da, baina ur azpitik distantzia laburrena duena. 337 eta 403 milioi euro arteko kostua izango du, eraikitze metodoaren arabera.

Rementeria eta Pradales, gaur, tunelaren ibilbidearen planoari begira. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Maite Asensio Lozano.
2020ko urtarrilaren 14a
16:36
Entzun

«Tunela martxan daukagu jada». Oraindik hiru urte inguru falta dira Bizkaiko Ezkerraldea eta Uribe Kosta lotuko dituen ur azpiko tunelaren obrak hasteko, baina egitasmoa errealitate bat dela azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Prentsaren aurrean agertu dira gaur Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Imanol Pradales Azpiegituretarako diputatua, proiektua zertan den azaltzeko eta aurrera doala azpimarratzeko: tunela egiteko proiektuaren idazketa lizitaziora atera du gaur diputazioak, 10,5 milioi euroan eta 33 hilabeteko epearekin.

«Diseinu guztia ondo zehaztea» izango da egitasmo horren egitekoa, baina badu oinarri bat. Izan ere, aldundiak osatua du bideragarritasun txostena, eta, horretan oinarrituta, tunelaren ibilbidea zehaztu du. Hiru aukera zituzten, eta luzeena aukeratu dute: 3.037 metro izango du tunelak. Rementeriak nabarmendu du «erabaki teknikoa» izan dela, eta kontuan hartu dituztela lurzoru mota, egonkortasuna eta lurrazaleko espazioak. «Aukera seguruena da», esan du ahaldun nagusiak.

Hiru minutu inguru beharko dituzte ibilgailuek tunela gurutzatzeko: Artatzako biribilgunetik (Leioa) aterako da; lur azpitik Leioa eta Getxo arteko mugatik igaroko da; gero, Lamiakoko araztegi ingurutik; itsasadarra zeharkatuko du Sestaoko hegaleraino; eta Ballontiko biribilgunean (Portugalete) irtengo da azalera. Beste bi aukerak baino hego-ekialderago dago ibilbide hori, hain justu, itsasadarraren azpitik ahalik eta distantzia txikiena egiteko, Rementeriak nabarmendu duenez: «Arazo gutxiago ematen duten zoruetatik pasatzen da, eraikitako zoru gutxiago zeharkatzen du, edozein motatako eraikitze teknika erabili daiteke, eta, batez ere, ur eremu txikiena zeharkatzen du, beste bi bideen erdia baino gutxiago».

Hori guztia nola gauzatu zehaztu beharko du eraikuntza proiektuak. Azterlan geoteknikoetan 200 zundaketa baino gehiago egin dituzte, baina Pradalesek ohartarazi du zorupeari buruzko informazio gehiago beharko dutela. «Lur bigunak ditugu, ur askokoak, batez ere Lamiako inguruan». Horren arabera erabakiko dute tunela egiteko zer metodo erabili, eta horrek ezarriko du obraren kostuaren zenbatekoa: 337 eta 403 milioi euro artekoa izango dela argitu du Rementeriak —lehen kalkuluetan, 380 milioitan jarri zuen zenbatekoa—.

«Bizkaian inoiz egingo den obrarik esanguratsuena izango da, ingeniaritzaren arloko erronka bat», berretsi du ahaldun nagusiak. Gogora ekarri du «Bilboren benetako saihesbidea osatuko» duela azpiegitura berriak, eta helburu duela Artatzako errepideko, Arrondegi zubiko eta A-8aren Max Center alboko tarteko auto ilarak murriztea. Aldundiaren kalkuluen arabera, egunero 51.000 ibilgailuk erabiliko dute tunela; 2027-2028rako ireki nahi dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.