Uraren kudeaketan aldaketak egin dira, eta batzuen kontzientziak aldatu dira. Gaur egun, apaltzen ari da urtetik urtera uraren kontsumoa Euskal Herri osoan. Datu bat horren adierazgarri: 1990ean 125 hektometro kubo ur atera zuten Zadorrako sistematik, lehorte betean. Iaz, 2006an, 92,02 hektometro kubo. Beraz, %25 ur gutxiago atera zen urtegitik Bizkaiko partera.
Pedro Barreido Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko gerenteak dio ur kontsumoaren murrizketa horretan hiru arrazoi daudela: Lehenik, ur galtzearen murrizketa, azpiegituretan egin diren hobekuntzen ondorioz. Garai hartan uraren %35 galtzen zen Partzuergoko iturriek onartu dutenez, eta gaur egun %20-23: «Bigarren mailako sarean galtzen da guztia, udalen esku dagoen zatian», azpimarratu du Barreidok. Bigarrenik, industriaren kontsumoaren apaltzea jazo da. 1990ean Zadorrako 27 hektometro kubo ur kontsumitu zuten Bilboaldeko lantegiek, eta 2006an 15 besterik ez. Hirugarrenik, herritarrek garai hartan baino gutxiago kontsumitzen dute. «Kontsumo erabat arrazoizkoa da. Beraz, ikusten duzu egoera guztiz ezberdinean gaudela. Esan dezakegu, egun, 1989-90koaren antzeko egoera ia oharkabean igaroko luketela herritarrek».
Lehorteak irakasgai batzuk eskaini zituen: «Ikasi genuen ura ez dela baliabide amaiezina. Eta, horregatik, zaindu behar dela ez bakarrik eskaintza, baizik eta eskaria ere. Eta guk horretan jarri ditugu gure ahalegin guztiak, alegia, baldintzak sortzen eskaria gero eta txikiagoa izan dadin».
Hobetu dira kudeaketa eta azpiegiturak, apaldu kontsumoa, murriztu galerak... Alabaina, hel gaitezke 1989-1990ko egoera berera? «Oso zaila» dela dio Barreidok: «Alerta guztiak aktibatuta ditugu dagoeneko --nahiz eta 1990eko kopuruetatik oso goitik izan--, ura hartzen ari gara ohikoak ez diren iturrietatik, eta horrek aukera ematen digu Zadorrako ura aurrezten segitzeko. 1990eko egoerara iristeko, azken 62 urteetako baldintza klimatologikorik txarrenak pairatu beharko genituzke. Eta, beharbada, muturreko baldintza horiekin ere ez ginateke iritsiko».
Ez dago hain ziur Iñaki Antiguedad, hidrologo, EHUko irakasle eta Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseiluko kidea. «Egia da Bizkaiko leku batzuk orduan baino askoz hobeto daudela, esaterako, Durangaldea, lurpeko urak ari delako baliatzen. Baina, Ordunte eta Zadorrari dagokionez --Bilbo bi urtegi horiekin hornitzen da--, uste dut, orduko baldintza klimatologikoak errepikatuko balira, antzeko ondorioak pairatuko genituzkeela».
Etorkizuneko ur kudeaketari buruz modu serio eta sakonean eztabaidatzeko beharra aipatu du: «Klima aldaketa hortxe dago, bere galdera ikur guztiekin. Gerora begira, plangintza bat behar dugu, malgutasunez jokatzeko. Eta, hor sartzen da zer egin eskaintzarekin, eta zer eskariarekin».
Proposamen batzuk aipatu ditu,eztabaida kokatzen joateko: sareko galerak saihestu behar dira, eskaintzak dibertsifikatu, eta uraren erabilpen eraginkorragoak izateko baliabideak jarri: «Urak berrerabili behar dira. Gure kudeatzaileek lerroko ikuspegia dute guztiek. Hots, ura hartu egiten dute --urtegietatik normalean--, edangarri bihurtu, banatu, zikindu, berriz saneamendu sarera bildu, araztegi handietatik igaroarazi, eta hortik berriro errekarabota». Eta Antiguedadek galdera planteatzen du: «Ezin al da araztegietatik pasatu den ur hori berrerabili? Ez agian kontsumitzeko, baina bai industrian edo kaleak garbitzeko, esaterako?».
Halako sistemak badaude munduko zenbait lekutan, Kalifornian, esaterako. Zadorrako urarekin kezka dagoenez, berriki eskatu die Partzuergoak udalerriei, ahal dela, ez garbitzeko kaleak ur edangarriarekin. «Harri eta zur geratzen zara hori entzunda. Ur hori garestia da, edangarri bihurtzeko planta batetik igarotakoa, eta nola erabil daiteke hori kaleak garbitzeko? Horrek axolagabekeria uzten du agerian». Barreidok babestu du Partzuergoaren jarrera: «Nahi genuke udal guztiek, ohikoez gain, bestelako baliabide batzuk eskura izatea horrelakoetan erabiltzeko. Baina, kontuan izan behar da, osasun baldintzak ere gero eta zorrotzagoak direla».
Bestetik, ura berrerabiltzekopolitika hori martxan jartzen ari direla dio Barreidok: «Une honetan lehiaketara atera dugu Galindoko araztegian beste planta bat egiteko proiektua. Hirugarren tratamendua emango diogu urari, eta segunduko 110 litrojarriko dizkiegu eskura inguruko industriei. Urtebetean planta hori jardueran izango da. Gainera, erabiltzaile gehiago izanez gero, 400 litroraino handituko dugu ahalmena».
Iruñeko Mankomunitatean ere izan dituzte ura berrerabiltzeko halako plangintzak mahai gainean, lehorteak estutu dituenean, Juan Ramon Ilarregi Ur Ziklo Integraleko arduradunak adierazi duenez.«Aurreproiektu bat ere egin genuen, baina 1995eko lehortearen eta krisiaren ostean, egoera hain txarra izan ez denez, ez dugu sakondu kontu horretan. Otsoari hortzak ikusten dizkiozunean salbatzen saiatzen gara».
Patrick de Vaugiraud Miarritzeko Lyonnaise des Eaux-eko teknikariak dio Ipar Euskal Herriko golf zelaietako ur kontsumoa %30 apaldu nahi dutela 2010ean, «ureztatzeko baliatzen duten parte bat berrerabiltzeko sistema plantan ezarriz». Enpresa pribatua da Lyonnaise des Eaux, eta hark kudeatzendu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ura. Errobi, Urdazuri eta Bidasoa ibaietatik hartzen dute ura kontsumitzeko. «Edateko urarekin ez da arazorik izango, baina ureztatzeari dagokionez --laborantza, igerilekuak...-- arazoak izan daitezke».
URTEGI BAT BIZKAIAN. Lehorte bat den aldiro, badiraurtegi berriak egitearen alde agertzen direnak. Orain, esaterako, PSE-EEk esandu Bizkaian urtegi bat behar dela. Bilboko Ur Partzuergoak ez luke gaizki hartuko, Barreidok dioenez. «Hornitzaile gisa, nahi genuke, ahalik eta azpiegitura gehien izan, baina ez da gure eskuduntza».
Antiguedaden irudiko, «betiko kontua» da. «Europako arauak dio inflexioa eman behar zaiola ura ikusteko eta kudeatzeko moduari. Ez dut uste hemengo kudeatzaile guztiek hori bereganatu dutenik. Batzuk, eskaintzaren etengabeko estrategian murgilduta daude». Izan ere, urtegi berriak ez dira irtenbide, bere irudiko: «Eskaintza ez da bakarrik urtegi gehiago egitea, baizik eta berreskuratzeko moduko ura izatea. Nola? Dauden urtegiak egoki kudeatuz, lur azpiko eta lur gaineko urak erabiliz».
Ikuspegia aldatzeko beharra aipatu du EHUko irakasleak: «Esaterako, ezin al da dutxatzeko ura biltegi batean sartu, eta gero txiza botatzeko erabili? Horrelako sistemak zergatik ez dira ezartzen, esaterako, egiten diren etxebizitza berrietan?».
«1990eko egoerara iristeko azken 62 urteko baldintza klimatologikorik txarrenak pairatu beharko genituzke»
pedro barreido
bilbao bizkaia ur PartzuergoKO GERENTEa
«Eskaintza ez da bakarrik urtegi gehiago egitea, baizik eta berreskuratzeko moduko ura izatea»
iñaki antiguedad
EHU-ko irakaslea
«Etorkizuneko ur hornidurari begira lasaitasuna ekarri duen indargarria izan da Itoitz»
juan ramon ilarregi
iruñeko mankomunitateko ur arduraduna
«Edateko urarekin ez dugu arazorik izanen, baina ureztatzeari dagokionez arazoak izan daitezke»
patrick de vaugiraud
lyonnaise des eaux-eko teknikaria
Zenbakia
%34,7
Zadorrako urtegiak. Ulibarri eta Urrunagako urtegiek 62,372 hektometro kubo ur dituzte, beren ahalmenaren %34,7. Aurreko astean %32,2 an ziren.
Iruñeko kontsumorako uraren herena Itoizko urtegitik hartzen dute dagoeneko
I. Petxarroman
1989-1990eko lehortea ez zen hain larria izan Euskal Herriko ekialdean. Iruñerrian, esaterako, 1995ean pairatu zituzten lehortearen ondorioak. Eugiko urtegia guztiz hutsik geratu zen. Laster hasi zuen euria, ordea, eta egoera larria errotik aldatu zen. Egun, hiru iturrik hornitzen dituzte urez Iruñerriko 314 mila bezeroak: Eugiko urtegiak, Artetako iturburuak eta Itoizko urtegiak, Tiebasko plantaren bidez.
Juan Ramon Ilarregi Iruñeko Manomunitateko Ur Ziklo Integraleko arduradunak BERRIAri emandako datuen arabera, une honetan Eugitik 950-1.000 litro segunduko ateratzen ari dira Iruñean kontsumitzeko; Artetako iturburutik 880 litro; eta Tiebastik --alegia, Itoiztik-- 1.000 litro. Urtegi polemiko horretako ura iazko ekainean hasi ziren hartzen, eta oraindik egokitzen ari dira bereazpiegitura. Alabaina, etorkizunean oso hornitzaile garrantzitsua izango dela iruditzen zaio: «Genuenarekin oso justu geunden. Itoitz, etorkizunerako lasaitasuna ematen duen indargarria izanda, zalantzarik gabe».
Ildo horretan, Iruñerriak, luzarorako du ur hornikuntza ziurtatua, bere iritziz: «Uste dut Iruñerriko hornikuntza ziurtatuta dagoela baita baldintzarik txarrenetan ere. Horregatik, Iruñea urik gabe geratuko balitz, besteen egoera hondamendi bat litzateke».
Ilarregik gogoratzen du oso ondo 1995eko lehortea. «Ureztatzeak ere debekatu behar izan genituen. Ura Arakil ibaitik hartzen hasi ginen, eta, eskerra, ia ur guztia agortuta genuenean, euria hasi zuela». Gainera, orduan, gune hornitzaileetatik ateratzen zen uraren %21 galtzen zen sarean, eta, gaur egun, %10 baino ez. «Ahalegin handia egin dugu horretan, eta fruituak jaso ditugu».