Euskararen bilakaera, 1991-2011. Nafarroa

Ur geldiaren antzera

Nafarroan oso mantso ari da handitzen euskaldunen kopurua, bereziki gazteen artean, baina erabilera ez da hazten ariHerritarren erdiek desegokitzat jo dute Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika

inaki petxarroman
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ez aurrera ez atzera. Halaxe azal daiteke Nafarroako euskararen egoera soziolinguistikoa, 1991tik 2011ra egindako bost inkesten ondorioak behatuz gero. Egia da euskaldun kopurua handitu dela, baina, baita ere, ezagutzan egindako aurrerapen horrek ez duela erabileraren hazkunderik ekarri. Nafarroan, %8,9 ziren elebidunak —%0,65 euskaldun elebakarrak— 1991n I. Inkesta Soziolinguistikoan, eta %11,7 dira orain. Baina, erabilerari erreparatuz gero, elebidunek gutxiago egiten dute euskaraz orain duela hogei urte baino. Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikak eta zonifikazioak emaitzak izan dituztela ondoriozta daiteke, besteak beste, eremuen arteko aldeak ikusita.

1. Ezagutza

Euskaldun gehiago daude Nafarroan duela hogei urte baino. Gainera, hogei urteko ibilbideari so eginez gero, garbi azaltzen da datu bat: belaunaldi gazteak euskaldundu dira bereziki. Hala, 1991n 16 eta 24 urte arteko gazteenarteko %10 besterik ez ziren elebidunak. Gaur egun, berriz, %20,8. Alegia, bikoiztu egin da gazte euskaldunen proportzioa hogei urtean. Hazkunde hori etengabea izan da, eta hezkuntzanegindako ahaleginak fruituak eman dituela erakusten du.

Bikoiztu egin da gazteenen arteko elebidun kopurua, eta gauza bera gertatu da 25 eta 34 urte bitartekoen artean ere: %7 ziren euskaldunak duela hogei urte, eta %14,5 dira orain. Gainerako adin multzoen bilakaeran atentzioa ematen du ondokoak: ia ez da aldatu elebidunen kopurua, berdintsu jarraitzen du. 35 eta 49 urte artekoetan %10,3 ziren euskaldunak 1991n, eta %10,1 dira orain; 50-64 urtekoetan %9,4 eta %9,6; eta 64tik gorakoetan %10,7tik %9,3ra igaro da. Gainera, adinean behera joan ahala gutxitzen ari da euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen diren elebidunen kopurua, eta hori ere ezin seinale ontzat jo. Egun, bakarrik 64 urtetik gorako elebidunak dira euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen direnak.

Nabari da gobernuak egindako hizkuntza politikak eragin handia izan duela bilakaera horretan. Elebidunen hazkunderik handiena eremu mistoan gertatu da. Eremu horretan euskara ofiziala da, eta franko nabaritu da hori, esaterako, hezkuntzan belaunaldi berriak euskaldundu ahal izan direlako D ereduaren bidez. Eremu mistoan bikoiztu egin da elebidunen kopurua 1991tik: %5etik %10era igaro da. Eremu euskaldunean eta ez-euskaldunean aldeak askoz txikiagoak izan dira.

Garrantzitsua da euskalduntze eta alfabetatze mugimenduak hogei urte hauetan egindako lana. 2011ko inkestaren arabera, 23.470 euskaldun berri daude Nafarroan; alegia, herrialdeko elebidunen heren bat baino gehiago euskaldun berriek osatutakoa da. Gainera, ezin daiteke aipatu gabe utzi duela hogei urte arte ia osoki erdaldunak ziren eremu mistoko hainbat tokitan belaunaldi gazteen artean nolako aurrerakada egin duen euskararen ezagutzak, besteak beste Iruñerrian eta Lizarrerrian.

2. Erabilera

Ezagutza asko handitu bada ere, bereziki belaunaldi gazteetan, euskararen erabilera ez da handitu. Areago, gutxitu ere egin da. 1991n %4 ziren euskaraz erdaraz baino gehiago aritzen ziren herritarrak, eta %3,6 baino ez dira hogei urte geroago. Datu hori bat dator berriki Soziolinguistika Klusterrak aurkeztutako kaleko erabileraren neurketaren emaitzekin. Izan ere, Nafarroan %7,5eko erabilera antzeman zuten 1993an, eta %5,7ra apaldu da 2011n. Agerikoa da, gainera, elebidun gehienak (%7,1) gehiago darabiltela erdara euskara baino.

Erabilera eremuka aztertzen bada, %5 eta %8 artekoa da. Etxean %5,4koa da, seme-alabekin %8koa, lagunekin %7,5ekoa eta lankideekin %7,1ekoa. Eremu formalean, %6,3koa da erabilera udaletxeetan eta %4,8 osasun zerbitzuetan. Hogei urteotan apenas aldatu da erabilera. Eta bakarrik eremu formalean igo da pitin bat, bi puntu inguru.

3. Transmisioa

Hizkuntzaren transmisioan aurrerapen txiki bat egin du Nafarroak. Duela hogei urte dezentekoa zen galera, etxean edo familia giroan euskara ez zitzaielako belaunaldi berriei iristen. 2001ean egindako III. Inkesta Soziolinguistikoan eman zuten datu batek azal dezake hori: 20.000 lagun inguruk galdu zuten euskara. 2011ko inkestaren arabera, 3.600 euskaldun erdaldundu dira guztiz, eta 4.500 partzialki. Guraso biak euskaldunak diren nafarren kasuan ia bermatuta dago seme-alabek euskara ikastea. Kasuen %95ean hala gertatzen da. Bikotekideetako batek euskaraz ez dakienean, seme-alaben %67k ikasten dute euskara Nafarroan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren amiñi bat azpitik dago Nafarroa horri dagokionez, hiru herrialde horietan haurren %71k jasotzen dutelako euskara gurasoetako bat euskalduna ez denean.

4. Jarrerak

Hogei urtean zerbaitetan nabarmen hobera egin badu euskararen egoerak, arlo honetan egin du: herritarren aldeko jarrera asko zabaldu da. 1991n %22,3 zeuden euskararen alde edo oso alde, eta %53,7 kontra edo oso kontra. Egun, ia irauli dira proportzioak: %37,7 daude alde edo oso alde, eta %34,5 kontra edo oso kontra. Horrekin batera, herritarrak ez daude batere ados Nafarroako Gobernuak orain arte egindako hizkuntza politikarekin. Herritarren erdiek desegokitzat jo dituzte euskararen politika publikoak, haietako gehientsuenek (%45,1) gutxi egin dela uste dutelako.

Nafarren %25ek guztiz euskalduntzat dute eurenburua, eta beste %25ek nahikoa edo zertxobait euskalduntzat. %43k, berriz, ez daukate batere euskalduntzat beren burua, eta %6k gutxi. Beraz, bitan banatuta dago gizartea: erdiek euskalduntzat dute euren burua, eta beste erdiek ez.

OHARRA: Bihar euskararen bilakaerari buruzko datuak aztertuko ditu BERRIAk Iñaki Iurrebaso, Iñaki Martinez de Luna, Xabier Isasi, Arkaitz Zarraga eta Erramun Baxokekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.