Ura dakar zeruak

Azken asteetan Euskal Herriko hainbat txokotan ekaitz bortitzak izan dira. Uda sasoian ohikoak dira halakoak, baina normalean ez dira hain segidan izaten.

Ekaitza uda garaian, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Zeruak gainezka egingo balu bezala. Horrela erori da ura azken egunetan Euskal Herriko hainbat txokotan. Gehien-gehienetan, beroak eta hezetasunak blaitu ditu inguruak egunean zehar, eta iluntzean eman die bide tenperatura gradu batzuk jaistea lortu duten euri erauntsiei. Eguraldi kontrasteak ezaugarritu du azken asteetan Euskal Herria. Uriolek leku batzuetan kaleak hartzen dituzten arren, lehorteak oraindik idortuta dauzka Nafarroako eta Arabako abereen bazkak. Izan ere, klima larrialdiak eragindako muturreko fenomenoak geroz eta muturrekoago eta geroz eta maizago ageri dira.

Beran, Lesakan eta Aranon kalte handiak eragin zituzten euriak sortutako uholdeek: denda eta etxabeak urez bete ziren, eta errepideak erabili ezinik geratu. Asteburu honetan ere uholdeek hartu dute Nafarroa: 60 litro ur metro karratuko, eta kazkabarra izan zuten astelehenean, esaterako, Irunberri, Oibar eta Zangozako herritarrek. Kaleak urpetu ziren, eta laboreek ere kalteak jasan zituzten. Nafarroako ekialdean ekaitzak tximistak ere ekarri zituen, eta, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak adierazi duenez, herrialde horretan inoiz neurtu diren eurite bortitzenetarikoak izan dira azken egunetakoak.

Hain zuzen, egun osoan zenbat eta beroago egin, orduan eta ekaitz gogorragoak izan ohi dira, Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoak azaldu duenez: «Aire beroak dentsitate txikiagoa daukanez, gora egiten du, eta atmosferako goi geruzetan aire hotza baldin badago, hodeia sortzen hasten da kontrastearen ondorioz. Zenbat eta ezberdintasun handiagoa egon lurrazaleko tenperaturaren eta goi geruzetako tenperaturaren artean, orduan eta ekaitz handiagoaksor daitezke». Azaldu duenez, gainera, bero horri bestebaldintza bat gehitu behar zaio kostaldean: itsasotik sartzen den haize umela. «Kontuan hartuta itsasoa orain ohi baino beroago dagoela, erraztu egiten da ekaitz handiak sortzea», azaldu du Salazarrek.

Esan duenez, «ohikoa» izaten da udaberrian eta udan era honetako ekaitzak izatea, baina aurtengo euri jasak bereziak izan dira segidan izan direlako: «Egun askotan jarraian ari dira izaten; leku batean ez bada, bestean». Hala ere, berezitasun horrek badu arrazoi bat: «Oraintxe bertan Europako iparraldean antizikloi bat geldirik dago, eta horrek baldintzatu egiten du penintsulako egoera».

Ura, litroka

Nafarroako irudi ikusgarriak izan dira sareetan gehien zabaldu direnak, baina azken egunetan izan da prezipitazio bortitzik gainontzeko herrialdeetan ere. Oñatin (Gipuzkoa), esate baterako, 14,2 litro bildu ziren metro karratuko soilik hamar minutuan, eta 11,2 l/m2-ko bildu ziren epe berean Zumarragako (Gipuzkoa) estazio meteorologikoan ere.

Meteorologoak azaldu du, trumoi ekaitzei dagokienez, egun osoan zenbat bota duen jaso beharrean, epe labur batean zenbat bota duen jasotzen dutela, zaparradaren «intentsitatea» neurtzeko.

«Ordubetean zenbat botatzen duen neurtzen dugu, eta, epe horretan 15 l/m2 baino gehiago botatzen badu, badakigu horrekin arazoak sor daitezkeela, eta, beraz, abisu horia ezartzen da», esan du Salazarrek. Hain zuzen, neurri horretatik gorako prezipitazioak «muturreko fenomeno» gisa izendatzen dituzte. «Horrela deitzen diegu arazoak sortzen dituzten fenomenoei. Kasu honetan, ikusi dugu kalteak sortu dituztela, esaterako kaleak urak hartu dituenean».

Beraz, badago kalte horiek ez izateko aurrez zerbait egiteko modurik? Euskalmeteko kideek, esaterako, «egun batzuk lehenago» ikus dezakete era horretako ekaitzak sortzeko baldintzarik izango den ala ez, baina, Salazarren arabera, «egun berean edo egun bat lehenago» ematen dute abisua, zaparradak non izango diren ezin baita iragarri: «Kilometro gutxiko aldearekin, ekaitza sor daiteke, edo ez. Ezin daiteke jakin zehazki non botako duen, ez eta zenbat botako duen ere».

Klima larrialdia, agerian

Ingurumenaren arloko hainbat adituk ohartarazi dute klima larrialdiak hurrengo urteetan ekarriko dituen muturreko fenomenoez. Salazarrek ere adierazi du mundu mailan larrialdiak nabarmen eragingo duela eguraldiaren aldaketan, baina Euskal Herrian izango duen eragina oraindik ezin dela ziurtatu: «Ikerketa sakonagoak egin beharko lirateke».

Hala ere, azaldu du joera batzuk nabari direla dagoeneko: «Alde batetik, euririk egiten ez duen bolada gero eta luzeagoa da, eta, bestetik, ikus dezakegu euria egiten duenean bortitzago egiten duela. Aztertu beharko litzateke horrek zer zerikusi daukan klima larrialdiarekin». Hala ere, zehaztu du hemendik aurrera «euria egiteko modua aldatuz» joango dela: «Ez da harritzekoa izango aurrerantzean mota honetako ekaitz gehiago ikustea gurean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.