Ipar Euskal Herriko herri elkargoa sailez sail antolatzeko denbora anitz beharko zela, hori aitzinetik jakina zen. Notre legeak uraren kudeatzeko eskumenak, baina, instituzio batzuetatik bestera pasarazteko tenorea ekarri du. Egoera aski berezia sortu dute epeek, eta, hautetsi anitzen arabera, “erantzun baino galdera gehiago” dira oraingoz.
Ez da hain erraza ulertzeko, ez baitu zentzu handirik. Badira urteak herri batzuek eskualdeetako herri elkargoen esku utzi zutela ur edangarria eta saneamendua kudeatzeko eskumena. 2018ko urtarrilaren 1ean, Ipar Euskal Herriko herri elkargoak ez balitu herri guztietako eskumenak eskuratuak, berriz ere lurralde osoko herri bakoitzak gibel hartu beharko luke ura kudeatzeko eskumena. 2020. urteko urtarrilean, berriz, legeak inposaturik hori ere, herriek ez lukete gehiago eskumen hori ukaiten ahalko, eta herri elkargora pasatuko litzateke. Prefetak ez duenez onartu salbuespenik egitea, azkenean, 2018. urte hasieran herri elkargoak kudeatuko du ura lurralde guztiarentzat.
Ez da oraino delibero hori ofizialki hartua izan, baina Hitza-k elkarrizketatu dituen hautetsi guztiek baieztatzen dute aterabide bakarra dela. Hautetsiak bi aldiz bildu dira uraren kudeaketa aipatzeko: maiatzean Luhuson eta joan den uztailaren 12an Donapaleun.
Monique Elgoihen Lexantzüko auzapezak bilkura horietatik informazio doi bat bildu badu ere, ez ditu nondik norakoak oraino argi: “Adituak lanean ari dira, baina guretzat oraino zinez abstraktua da”. Mattin Lamarque Amikuzeko ur sindikatu lehendakariak argi du onerako izanen dela aldaketa: “Lehendakari gisa ados naiz herri elkargo berrian sartzea, abantailak izanen direlako denendako”. Berdin mintzo da Lakarrako auzapez eta Garazi aldeko hamahiru herri biltzen dituen ur sindikatuko Jean Claude Ibargarai lehendakaria: “Orokorki, begi onez ikusten dut. Badu jadanik zonbait urte nahi nuela gure sindikatua handitu, ez bainuen zuzen atzematen izan diren hainbeste sindikatu eta konpainia publiko".
Erreportaje osoa Iparraldeko Hitzan.