AHT Abiadura Handiko Trenaren aurka daudenei larunbat honetan Urbina (Araba) eta Gasteiz oinez lotzeko deia egin die AHT Gelditu Elkarlanak. 10:30ean hasiko da martxa, eta 2009ko urtarrilaren 17an Urbinan egindako manifestazioan atxilotutako sei lagunen aurkako epaiketaren aurka azaltzea da helburua, tren azkarraren aurkako jarrera berrestearekin batera.
Urbinako auzoak omenduko ditu Elkarlanak martxa hasi aurretik; hartara, haiek AHTaren aurka urteotan izan duten jarrera goraipatuko dute omenaldiaren bitartez. Eguneko ekimenen artean, manifestazio nazionala egingo du Elkarlanak Urbina berreskuratu, AHT gelditu! Epaiketarik ez! lelopean. 18:00etan aterako da, Gasteizko Bilbo plazatik. Bide batez, urriaren 5ean epaitegien aurrean elkarretaratzea egingo dute epaiketa egiten ari diren bitartean beren kexua azaltzeko.
2009an zortzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Urbinan, eta seiren aurkako karguak aurkeztu dituzte. Sei horietatik bosten aurka espetxe zigorra eskatu dute. Atxilotutako lauren aurka, hain justu, bi urteko espetxe zigorra eskatuko dute desordena publikoengatik, eta beste bati agintaritzaren aurkako atentatua egitea gaineratuko diote; lau urteko zigorra eskatuko dute horren aurka. Beste bati isuna ezarri nahi diote desobedientziagatik.
Epaituko dituzten gazteek Elkarlanak egindako prentsaurrekoan parte hartu zuten atzo, eta atxilotuta egon ziren ia hiru egunetan jaso zuten tratu «oldarkorra, umiliagarria eta iraingarria» salatu zuten. Bide batez, gogorarazi zuten AHTa egiteko lurra «denbora batez» berreskuratzeko ekimenean baino ez zutela parte hartu, eta gehienek hori ere ez zutela lortu.
Bestalde, epaiketaren harira, mila pertsona inguruk beren burua erruduntzat jo dutela azaldu dute Elkarlaneko kideek. Epaituko dituzten pertsonekiko elkartasun moduan, autoinkulpazio kanpaina bat hasi zuten duela hiru aste, eta oraindik bilketa lana egiten ari diren arren hasiera bateko helburua beteko dutela uste dute.
Mozioak udal batzarretan
Urriaren lehen eguneko mobilizazioaz gain, beste zenbait ekimen ere hasiko dituzte urriaren 5eko epaiketaren harira. Bilduk Euskal Herriko udal batzarretan mozio bat aurkeztuko du, atxilotutakoei babesa emateko. Gaur bertan Elgoibarko Udalean (Gipuzkoa) mozio hori bozkatuko dute, besteak beste. Ekintza baketsuen aurkako bortizkeria gaitzetsi, epaiketa bertan behera uzteko eta AHTaren aurkako mobilizazioen «kriminalizazioa» bukatzeko ere eskatuko dute agiri horretan.
Horrez gain, auzipetuei babesa agertzeko zenbait elkarretaratze egingo dira datozen egunotan. Barañaingo udaletxearen aurrean (Nafarroa), esate baterako, elkarretaratzea egingo dute gaur 19:00etan, eta bihar, berriz, Iruñeko udaletxearen aurrean izango da, 19:00etan. Laudion ere (Araba) iragarri dituzte mobilizazioak, sostengua erakusteko; ordua zehazteko dago.
Urbina eta Gasteiz oinez lotuko dituzte AHTaren aurka
2009an atxilotutakoen epaiketa salatzeaz gain, Urbinako herritarrak omenduko dituzte larunbateko mobilizazioanMila pertsonak egindako autoinkulpazioak aurkeztuko dituzte epaiketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu