«Iltzatuta geratu da herri honen gogoan». 2009ko urtarrilaren 17an Urbinan (Araba) gertatutakoak izan zuen esanahia hitz horiekin laburtu du AHT Gelditu! Elkarlanak. Tren azkarra egiteko lanetarako hartutako lurrak behin-behinean berreskuratzeko eserialdia egin zuten hainbat lagunek, eta amaiera ez da berehalakoan ahaztuko: zortzi atxilotu, dozenaka zauritu... Orduan gertatutakoa gogora ekarri zuten atzo mila pertsona inguruk Gasteizen egindako manifestazioan, eta, horrekin batera, gertaera horiengatik asteazkenean epaituko dituzten sei pertsonei sostengua erakutsi zieten.
Epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuten Elkarlaneko bi kidek manifestazioaren bukaeran; are gehiago, nabarmendu zuten epaiketarik eginez gero indarkeria erabiltzen dutenek eseri beharko luketela epaituen aulkian. Tren azkarra egiteko lehentasuna Hego Euskal Herrian baino ez dela mantentzen gogoratu zuten. Espainia, Portugal eta Frantzian AHT egitasmoak, egoera ekonomikoak behartuta, asko mantsotu edo gelditu dituztela azaldu zuten
Desobedientzia eta ekintza zuzen baketsuen aldeko mezua plazaratu zuen Elkarlanak manifestazioaren amaieran, eta trena egiteko xedea dutenek erabilitako indarkeriaz ohartarazi zuen. Urbinan atxilotu zituzten pertsonek, hain justu, ekintza zuzen baketsu bat irudikatu zutela gogorarazi du Elkarlanak. 2009tik ezer ez dela aldatu gaineratu zuten manifestazioan parte hartu zutenek, eta borrokan jarraitzeko indarrik ez zaiela falta: «Urtarrilaren 17 hartan lurrak berreskuratzera bultzatu gintuen indar bera dugu bihotzean».
2009ko urtarrilaren 17an Urbinan egon zirenen hitzak ere entzun ziren Andre Mari Zuriaren plazan. Tartean, asteazkenean epaituko dituzten sei pertsonek hitz egin zuten. Urbinan egon ziren milaka pertsonen artean beste edozein ere sei auzipetuen egoera bertsuan egon zitekeela gogorarazi zuten, eta Ertzaintzak egun hartan erabili zuen bortizkeria salatu zuten.
Txangoa eguzkipean
Oinez hasi zuten eguna arratsaldeko manifestazioan zeudenetako batzuk. Goizeko hamar eta erdietan Urbina eta Gasteiz arteko bidea hasi zuten, eguzkipean. Bidea hasi aurretik Urbinako herriari, bertako herritarrei, omenaldia egin zieten. AHTaren aurka agertu direnei ateak parez pare ireki dizkietela gogorarazi zuten bertan; egindako manifestazio eta ekimenak oroitu zituzten, bai etalanak hasi zituztenetik Poliziaren partetik jasan duten «jazarpena» ere.
Herriak eskainitako hamaiketakoa hartuta, bideari ekin zioten, lanen eremutik, ertzain askoren zaintzapean. Zaintza hori herrira heldu aurretik ere bazegoen, Guardia Zibilak bi kontrolgune jarri baitzituen bertan. Ordea, horrek ez zuen inolako eraginik izan txangoan parte hartu zuten artean, eta giro aparta izan zen Gasteizeraino.
Urbina, oroimenean iltzatuta
Gasteizen, AHTaren aurkako protestan, babes keinua egin diete asteazkenean epaituko dituzten sei lagunei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu