AHT abiadura handiko trenaren kontra Urbinan (Araba) 2009an egindako manifestazioaren ostean atxilotutakoen aurkako auzia epailearen erabakiaren zain gelditu da. Fiskalak zigor eskaerei eutsi die epaiketaren amaieran, desordena publiko delituak eta ordena publikoaren aurkako faltak frogatuta daudela uste duelako: Aitor Aspururentzat bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du; Julio Martin, Justo Arriola eta Imanol Madariagarentzat bi urtekoa, eta isuna Ekaitz Lotinarentzat.
Urriaren 5ean hasi zen ahozko epaiketa, eta atzo bertan bukatu zen Ertzaintzak grabatutako irudiak ikusi eta alde guztiek azken ondorioak jakinarazi ondoren. Bost izan dira aulkian eseri direnak azken saioan, epaiketaren lehen egunean, Pablo Remirez auzipetuaren kasuan akordioa lortu baitzuten abokatuak eta fiskalak; urtebeteko espetxe zigorra hitzartu zuten bi aldeek, hasierako lau urteen ordez.
Ondorioetan absoluzioa eskatu zuten defentsako abokatuek, leporatzen dizkieten delituak eta faltak gertatu ez zirela argudiatuta. Gehienez ere, baimendutako manifestazio bat baimenik gabe jarraitzea leporatu dakiekeela gaineratu du defentsak, baina inola ere ez desordena publiko delituak eta ordena publikoaren aurkako faltak. Hain zuzen ere, desordena publikoa gertatzeko inolako baldintzarik bete ez zela nabarmendu dute abokatuek.
Inolako kalterik ez
Luku eta Urbina arteko soroetan, herri bakoitzetik gutxienez kilometro batera, oztopa zitekeen zerbitzu publikorik edo «hiritarren ohiko egunerokotasunik» ez zegoela azaldu du auzipetuen defentsak. Biderik ere ez zela oztopatu gaineratu, eta inolako objekturik eta pertsonarik ez zela kaltetu berretsi dute abokatuek. Lanetako arduradunek ez dute kalte ekonomikoen berririk eman, eta jazoeretan min hartutako ertzain bakarra AHTko lanen okupazio saiakeraren eremutik kanpo zauritu zen, ekimen horren ostean.
Aitor Aspuruk eta Imanol Madariagak, manifestazioan parte hartu zutela onartu zuten baina gerora egon zen okupazio saiakeran ez zutela parte hartu gogorarazi du defentsak, eta inolako «lidergorik» ez zutela izan gaineratu du. Julio Martin eta Justo Arriolaren kasuan, eserialdi baketsua egin zutela nabarmendu du abokatuak, et,a gerora egon ziren gertaerak hasi baino lehen atxilotu zituztenez, bertan parte hartu ez zutela gaineratu du.
Arriola, Aspuru eta Lotinaren aurkako ordena publikoaren aurkako faltei dagokienez, akusazioak aurkeztutako agirietan horri buruzko aipu orokorrak baino ez direla egiten jakinarazi du defentsak. Argazki eta hatz marken bidez identifikatzearen aurka egin zutelakoan egotzi diete falta hori, baina prozedura hori egiteko saiakeraren eta atxilotuen ustezko ezezkoaren berririk inon ez dagoela gaineratu dute abokatuek.
Lotinaren kasuan, ordena publikoaren aurkako falta —leporatzen dioten bakarra— atxilotuta zegoen bitartean gertatu zela nabarmendu du defentsak; hau da, arrazoirik gabe atxilotu zutela. Horrez gain, erregistro liburuan, non eginbehar guztiak egon behar baitzuten, ez da ordena publikoaren aurkako falta horren berri ematen.
Urbinako gertakarien epaiketa «airea hustu den globo» batekin alderatu du Carlos Alonso abokatuak. Terrorismo delitua leporatu nahi izan zitzaien zortzi atxiloturi, 197 lagun identifikatu zituzten... Eta hiru urteren buruan sei inputatuen aurkako proba zehatzik ez dela aurkeztu ere egin nabarmendu du abokatuak.
Inputatu gehienek azken hitza erabili dute AHTa egiteko zilegitasun falta salatzeko, eta egungo gizartearen garapen ereduaren aurkako mugimenduak defendatzeko. Lotinak, berriz, 2009ko atxiloketatik gertatutakoa bi urteko «amesgaiztotzat» jo du. «Bidegabea da gurekin egin dena», azaldu dio epaileari.
Urbinan 2009an atxilotuen aurkako zigor eskaerak berretsi ditu fiskalak
Defentsak absoluzioa eskatu du, AHTko lanak okupatzean desordena publikorik ez zela izan argudiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu