Urdaibaiko Guggenheimen inguruko kontsulta, EH Bilduk jarritako baldintza Gernikan zentsura mozio bat aurkezteko

Koalizio subiranistak gobernabiderako ituna sinatuko du EAJrekin, «gernikarrei hitza emanez gero».

Jose Ramon Bilbao 'Buli'
Jose Ramon Bilbao 'Buli', EH Bilduko alkategaia Gernikako Udalean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 19a
14:30
Entzun

EH Bilduren Gernika-Lumoko (Bizkaia) udal taldeak baldintza bat jarri dio EAJri, Jose Maria Gorroño alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu eta gobernabiderako itun bat sinatzeko: Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren gaineko kontsulta bat antolatzea, «eta herritarrek erabakitzen dutena errespetatzea». Koalizio subiranistaren irudiko, gobernu berri bat adosteko baldintza ezinbestekoa izanen da «gernikarrei hitza ematea».

Hori jakin aurretik, Guztiontzako Herriak, Gorroño alkatearen plataformak, «harrigarritzat» jo zuen EAJk eta EH Bilduk gobernabiderako itun bat adostea, «Urdaibaiko Guggenheim proiektuarengatik aurrez aurre dauden bi indar izanda». Hori dela eta, bi indarrei galdegin zien argitu dezaten «nola gaindituko duten ezadostasun hori». Gaur heldu da EH Bilduren erantzuna, auzi horri heltzeko.

«Jakina da EH Bilduk eta EAJk Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren inguruan ditugun jarrerak ez datozela bat», adierazi du koalizio subiranistak; hala ere, gehitu du «hasieratik» sartu zutela puntu hori negoziazio prozesuko desadostasunen zerrendan, «batzen gaituen hori delako itunaren oinarria, eta ez banatzen gaituena».

EH Bilduren esanetan, Bizkaiko EAJk bihurtu du «marra gorri» Guggenheimen proiektuaren gaineko desadostasun hori, «eta horrek kolokan jarri ditu negoziazioaren zutabeak». Hala eta guztiz ere, koalizioak «egingarri» ikusten du akordioa oraindik, eta Urdaibaiko Guggenheimen gaineko kontsulta aurkeztu du «blokeoari emaniko konponbide» gisara. «Kontsulta egiten bada, akordioa helduko da», laburbildu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.