GASTEIZ. Iñaki Urdangarin Espainiako Errege Etxeko kide ohiak eta Palmako duke izandakoak igaro du lehen gaua Zaballako (Araba) kartzelan. Urtarrilean onartu zion hirugarren gradua Gaztela eta Leongo espetxe zaintzako lehen epaitegiak, eta lekualdaketarako baimena eman dio Espetxe Zuzendaritza Nagusiak. Astelehenetik ostegunera egingo du bertan lo, eta asteburuak kanpoan igaro ahalko ditu. Pertsona bakarrarentzako hamahiru metro karratuko ziega bat dauka Urdangarinek.
Zaballako kartzelan, delitu ekonomikoak egin dituzten presoentzako programan hartuko du parte Urdangarinek. Hirugarren graduan dagoenez, aste barruan lan egitera joateko utzi ahalko du Zaballako kartzela. Bost urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra betetzen ari da presoa, Noos auziarengatik. Zerga delituak, prebarikazioa, iruzurra, diru publikoaren erabilera bidegabea eta influentzia trafikoa delituen errudun zela ebatzi zuen auzitegiak 2018ko ekainean.
Urdangarinek igaro du lehen gaua Zaballan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu