Gogora institutuak jakinarazi duenez, Urduñako espetxe frankistan (Bizkaia) hildako beste sei lagunen gorpuzkiak identifikatu dituzte. Aranzadik abenduan amaitu zituen desobiratze lanak, baina ez diote han aurkitutako gorpuzkiak identifikatzeari utzi. 2022an lanak hasi zituztenetik, hamazazpi pertsona identifikatzea lortu dute, eta beste 76 daude zehazteke.
Datozen egunetan, Gogora-ko ordezkaritza bat Badajozera eta Malagara joango da, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua eta Alberto Alonso Gogorako zuzendaria buru dituela. Hangoak dira identifikatutako sei presoetatik lau, eta bidaiaren xedea izango da gorpuzkiak senideei ematea. Ekitaldi pribatuak egingo dituzte horretarako, familiek hala eskatuta.
Era berean, San Jose eta Alonso Extremadurako gobernu ordezkaritzako eta Badajozko eta Caceresko aldundietako memoria historikoko arduradunekin bilduko dira. Azaldu dutenez, «gorpuzki gehiago identifikatzeko bide emango duten lankidetza moduak aztertzeko».
Izan ere, azaldu dutenez, Urduñako kontzentrazio esparruan (1937-1939) eta espetxean (1939-1941) hildako 225 presoetatik 127 Extremadurakoak ziren, ia guztiak Badajoz probintziakoak, eta, lankidetza horren bitartez, Gogora-k gorpuzkien identifikazio genetikoa egiteko erakundearen DNA bankua handitu nahi du. Horretarako, memoria historikoa lantzen duten hainbat erakunde eta elkarterekin elkarlanean ari da Gogora.
Hain zuzen, horrela lortzen dute gorpuzkiak identifikatzea. DNA bankuko laginekin alderatzen dituzte gorpuzkien hezur hondarretatik ateratakoak, baina, azken horien kalitatea eta senideen ahaidetasun maila nolakoak diren, zaildu edo erraztu egiten da identifikazioa. «Askotan, bizirik dagoen senidearen lagin bat baino gehiago eman behar izaten da identifikazioa amaitzeko», adierazi dute oharrean.
Identifikatutako sei lagunak Jose Gomez Narvaez, Aquilino Flores Bautista, Manuel Vivas Fernandez, Jose Pozo Garcia (Badajoz), Zollo Villar Toledo (Ciudad Real) eta Antonio Bootello Negrete (Malaga) dira.
Joseba Egiguren ikerlariak egin zuen Urduñako espetxeak 1937 eta 1941 artean hildako presoen zerrenda, izen-abizenak eta jatorria zehaztuta. Denera, 225 lagun. Azken urteetan egindako lanetan, 93 lagunen gorpuzkiak desobiratu dituzte. Hain zuzen, orain identifikatutako sei lagunetatik bost 2022ko abenduan desobiratu zituzten Urduñako hilerritik; seigarrena, Gomez, iazko abenduan.
Denak ere 1939ko abendua eta 1940ko abendua bitarte espetxeratu zituzten Urduñan, Espainiako beste espetxe batzuetatik lekualdatuta, eta denak hil ziren 1941ean, denbora tarte oso txikian. Pozo izan zen hiltzen lehena, martxoaren 12an, 59 urte zituela; orduko dokumentazioaren arabera, garuneko enbolia baten ondorioz hil zen. Azkena, berriz, Vivas izan zen. Hura apirilaren 14an hil zen, 46 urte zituela.