Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordeko kide izatea defendatu du berriz ere Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek. «Euskaldunak zenbat eta desberdinagoak izan, orduan eta integratuagoa egongo da euskara gizartean. Izan ere, euskara guztiona da, baita hitz egiten ez dutenena ere; eta ez soilik haren jabe izango balira bezala jarduten dutenena», adierazi zuen atzo Urgellek Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian
Juaristiren izendapenaren inguruko argibideak emateko Aralarrek egindako galderari erantzunez hitz egin zuen Kultura sailburuak.
Hainbat eragile eta alderdik salatu zuten Juaristiren izendapena, euskararen inguruan egin izan dituen adierazpen «iraingarriengatik». Hauek dira adierazpen horietako batzuk: «Euskarak ez du kultur trukerako askorik balio izan»; «Euskara iraganeko hizkuntza da niretzat»; «Hizkuntzek ez dute hiltzen, baina euskararengatik hil egiten da»; «Ez zait axola euskararen etorkizuna, eta ez dut gehiago hitz egingo».
Urgellen arabera, euskara ez da «Grial Santua», eta aholku batzordean «ikuspegi ideologiko guztietako» kideek egon behar dute. Urgellen esanetan, Juaristi «balio pertsonal eta intelektual handiko» pertsona da, eta ekarpen baliotsuak egin diezazkioke batzordeari. «Terrorismoaren presioa jasotzeagatik Euskadi utzi behar izan duten jendea berreskuratzeko lan egin behar da, intelektualak bidaltzen dituen gizartea ez baita librea. Harro egon behar dugu terrorismoaz pentsatzen zutena esatera ausartu diren horietaz».
Urtarrilaren 24an bildu zen estrainekoz Euskararen Aholku Batzorde berritua. Bertan izan ziren batzordeko hemeretzi kide berriak. Horien artean zegoen Juaristi. Batzordearen aurretik, harrabots handia eragin zuten adierazpenak egin zituen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek. «Indarkeriaren bukaerak mesede egingo dio euskalgintzari, orduan lotuko baita euskara askatasunarekin», adierazi zuen. Euskalgintzak eta hainbat talde politiko eta erakundek adierazpena gogor kritikatu dute.
Urgell: «Euskara guztiona da, baita hitz egiten ez dutenena ere»
Jon Juaristik Euskararen Aholku Batzordeari ekarpen baliotsuak egin diezazkiokeela uste du Kultura sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu