'Egunkaria auzia'

Uria: "Beste askok ere behar dute guk jasotako babesa"

Joan zen astean Espainiako Auzitegi Nazionalean Juan del Olmo epailearen eskutik auzipetze autoaren berri jakin ondoren, auzitegi horrengan ez duela konfidantzarik berretsi du gaur =iEuskaldunon Egunkaria=i-ko Administrazio Kontseiluko ordezkaria zen Iñaki Uriak, 'Euskadi Irratian'. Beraiek jaso zuten babesa "beste askok" ere behar duela esan du 18/98ko auzipetuei erreferentzia eginaz. Kritika gogorra egin dio Espainiako Justizia sistemari.

2004ko abenduaren 10a
18:43
Entzun
Iñaki Uria Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko ordezkariak aitortu duenez, Egunkaria kasuko auzipetuek Madrilen (Espainia) jaso zuten babesa "laguntza handia izan da". Laguntza hori beste hainbatek ere behar dutela azpimarratu du "beste askorentzat ere halaxe izango litzateke, eta halaxe beharko lukeela iritzi diot. Hain justu 18/98ko auzipetuez ari naiz. Kasu horiek ere horrelako babesa behar dute, guk behar dugun bezela".

Ez dauka oso argi babes horrek balio sinbolikoa bakarrik duen, edo ondorio praktikorik izango duen. Hala ere, garbi dauka, "hori eginda egin gabe baino hobeto" daudela, eta ondorio praktiko "txukunak" izatea espero duela dio. Madrilera eraman zuten ordezkaritzarekin Egunkaria-k bere garaian egin zuena islatu nahi zutela azaldu du Uriak. "Jende politizatu batekin agertu nahi izan genuen. Horrekin Egunkaria izan zena ordezkatuz. Ez bakarrikan zabaltasuna, baita baterakoitasuna eta sinesgarritasuna ere".

Konfiantzarik ez

Espainiako Justizia sistemak ez diola konfiantzarik ematen berretsi du Uriak. "Lege berezi" batzuk martxan daudela salatu du, "itun antinazionalista-antiterrorista batek onartutakoak". Gainera, "propio euskaldunentzat sortutako Auzitegi Nazional bat" dagoela gogorarazi du. "Dena berezitasun horren barruan joaten da. Aukera guztiak dauzkazu gauza guztiak gaizki joateko. Kontrakoaren terrenoan, arbitroa gure kontra erosita" jokatzen ari direla dio.

Egunkaria itxi zutenetik orainera aldatu den "bakarra" gobernuan dagoen alderdia dela dio. "PPk eta PSOEk itun bat egin zuten, eta itun hori indarrean dago. Itun horren ondorioz egindako legedia guztia indarrean dago, eta Auzitegi Nazionala ere indarrean dago".

"Nik ez dut itxaropenik Auzitegi Nazionalean, egin duten dena ikusita. Ustezko delitu baten kontuarekin Egunkaria itxi egin dute, eta hori oso larria da. Hori ezin da egin herri demokratiko batean. Ustez baten bat zerbait egiten ari bazen, agian hura atxilotzea... bueno. Baina egunkari bat ixtea? Baina hori Espainian lasai gertatzen da, eta ez da ezer pasatzen. Justizia sistema horretan esperantza edukitzea txarra da. Hor zerbait ustela eta gaixoa dago. Zenbait erakunderentzat zaila da hori salatzea, baina hori egiten ez baduzu azkenean zu ere usteltzen ari zara. Justiziaren arazoa ez da mantsotasuna bakarrik, hemen edukietan problema sakona dago".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.