Euskal presoak

Uribetxeberria aske uzteko eskatu du Garitanok ospitalean bisitatu ostean

Ehun lagunek, tartean PSko bi diputatuk, protesta egin dute Espainiako Gobernuak Baionan duen kontsuletxearen aurreanPresoak hiru egun egin ditu gose greban, eta ospitaleak dio presoa egonkor dagoela

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Donostiako Ospitalaren atarian, Uribetxeberria presoa bisitatu ondoren. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Josu Uribetxeberria aske uzteko mobilizazioak eta haren egoerari irtenbide bat emateko bilerak ugaritu egin dira azken orduetan. Arrasateko presoak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren bisita jaso du, Donostiako ospitaleko ziegan; Uribetxeberriaren egoerari buruzko informazioa emateko eta instituzioen konpromisoa lortzeko, Etxerat elkartea Garitanorekin eta EAEko ararteko Iñigo Lamarcarekin bildu da; eta Espainiako Gobernuak Baionan duen kontsuletxearen aurrean protesta egin dute ehun bat lagunek.

Gose grebari ekin zionetik hirugarren eguna zuen atzo Arrasateko presoak. Ospitaleak ohar batean jakinarazi duenez, egonkor dago euskal presoa, eta diagnostiko probak egingo dituela ziurtatu du Etxarat-ek. Espainiako espetxe Zuzendaritzak, berriz, ohar bidez adierazi du proba berrien zain geratuko dela, eta emaitza horiek kontuan hartuta aztertuko dituela «legediak aurreikusten dituen erabakiak». Hurrengo txosten medikoa astelehenean kaleratuko du Donostia Ospitaleak.

Senideekin bilduta

«Duintasunari eutsiz». Hala ikusi zuen atzo Garitanok Uribetxeberria. Ordu erdi inguru egon ziren bilduta, eta, horren ostean eginiko adierazpenetan, Garitanok esan zuen Uribetxeberria argalduta eta ahul ikusi duela, baina «duintasun osoz» egiten ari zaiola aurre gaixotasunari. «Gizatasun osoz erantzuten ari zaio. Medikuen esku dago, eta, guk bezala eta euskal gizartearen gehiengoak bezala, berak eskatzen duena da legedia ezar dadila eta Arrasatera aske itzultzea». Horrekin batera, Garitanok esan zuen Uribetxeberriak kezka agertu diola gaixotasun larriak dituzten gainerako hamahiru presoak direla eta.

Uribetxeberria bisitatu egingo zuela goizean jakinarazi zuen Garitanok, horretarako behar zituen tramite guztiak bete ostean. Goizean senideekin bilduta ere egon zen ahaldun nagusia; Uribetxeberriaren anaia Jabierrekin eta presoaren iloba Julen Aranbururekin, hain zuzen. Han izan ziren, halaber, Etxerat elkarteko Mattin Troitiño eta Nagore Lopez de Luzuriaga, Herrira-ko Beñat Zarrabeitia eta Iratxe Zeziaga Arrasateko zinegotzia. Haiekin guztiekin batera eta Larraitz Ugarte aldundiko bozeramailearekin agertu zen komunikabideen aurrera Garitano. Ahaldun nagusiak azaldu zuenez, familiakoei jakinarazi die Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri dela Uribetxeberriaren askatasuna lortzeko.

PPren ustez, «xantaia» da

Bestalde, Uribetxeberriak eta hainbat euskal presok hasitako gose grebak kritikatu zituzten atzoPPk eta PSE-EEk. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi zuen gose grebak ez duela eraginik izango gobernuaren erabakian. «Grebarekin edo greba gabe estatuak legea betetzen du. Oso oker daude gobernuan eragingo dutela uste badute». Leopoldo Barredak (PP), berriz, adierazi zuen «demokraziari egindako xantaia» direla grebak, eta Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE) erabaki «okerra» dela.

PS Frantziako Alderdi Sozialistako Sylviane Alaux eta Colette Capdeville parlamentariek, aldiz, ez dute iritzi bera. Espainiaren kontsuletxearen aurrean egindako elkarretaratzean hartu zuten parte atzo, Baionan. 100 pertsona inguru bildu ziren, eta BERRIAri eginiko adierazpenetan, Uribetxeberria jasaten ari den tratu «gizagabea» salatu zuten. Alaux gogor mintzatu zen Espainiako Gobernuaren jarreran aurka, eta konponbide prozesua oztopatzea leporatu zion. «Espainiak erakutsi amorruak eta burugogorkeriak ez dio ezer onik ekartzen bake prozesuari, bi aldeei dagokie hainbat urrats egitea konponketaren alde», adierazi zuen.

Lokarrik ere eskatu du Uribetxeberria berehala askatzeko, «giza duintasunagatik» eta legez hala dagokiolako. Komunikabideetara bidalitako oharrean, Lokarrik dio EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bozeramaileekin biltzeko asmoa duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.