Urizarrek dio abertzaleen batasuna dela «prozesua sendotzeko gakoa»

PSOEk eta PPk normalizazio politikoari «beldur» diotela adierazi du EAko idazkari nagusiak

Ikerne Badiola, Carlos Garaikoetxea eta Pello Urizar, atzo, Donostian EAk egindako ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak azaldu duenez, bakea eta normalizazio politikoa «sendotzea» izango da datozen hilabeteei begira EArenerronka nagusia; Urizarrek nabarmendu duenez, prozesu horretan, indar abertzale eta subiranisten arteko elkarlana izango da «gakoa».

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan Bilduk lortu dituen emaitzak jarri ditu adibide gisa EAko idazkari nagusiak, eta bide horretan koalizioa osatzen duten hiru indar politikoek subiranisten elkarlanerako oinarriak ipini dituztela nabarmendu du. «Euskal gizarteari erakutsi diogu Euskal Herria ziklo politiko berri batean sartu dela, eta ziklo horretan abertzaleen arteko elkarlana posible dela». «Garaipen handiena, baina, ez da hauteskundeetako izan, nazioaren inguruan gizartea mugiaraztea baizik», nabarmendu du Urizarrek.

Donostiako Londres hotelean eginiko ekitaldi batean eman dio hasiera Eusko Alkartasunak ikasturte politiko berriari. Ekitaldian izan dira Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Koldo Amezketa EAko presidente ohia, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Juanjo Agirrezabala eusko legebiltzarkidea eta Ikerne Badiola Komunikazio idazkari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, besteak beste.

Ehun bat alderdikideren aurrean eginiko hitzaldian azken bi urteetan alderdiak egin dituen hautu estrategikoak defenditu ditu Urizarrek, eta ikasturte politikoberria, berriz, «erabakigarria» izango dela nabarmendu du.

Azaroaren 20an egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, EAko buruzagiak adierazi du subiranisten arteko indar metaketa «zabaldu» behar dela. EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak Aralarri eta EAJri duela bi aste egindako proposamenari erreferentzia eginez, alderdi abertzale eta subiranistak Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan «herri gisa» aurkeztu behar direla aldarrikatu du. «Madrilen herri gisa aurkeztu behar gara, eta aurkeztuko gara, gure etorkizuna soilik Euskal Herrian erabakitzen dela esateko. Madrilera joango gara euskal gizarteak zer nahi duen esatera, nazio bat garela esatera, eta ez inori baimena eskatzera».

PSOE eta PPren«beldurrak»

Urizarrek hitz gogorrak izan ditu Espainiako Gobernuaren, PSOEren eta PPren aurka. «Bakegintzan egindako urratsak ukatzea» leporatu die, eta normalizazio politikoari eta eta jokaleku politiko berri bat sortzeari «beldur» izatea. «Prozesua ukatu zuten lehenik, oztopoak jarri zituzten ondoren eta orain dominak jartzen ari dira» salatu du EAko idazkari nagusiak. «Beldur» horren adibide gisa jarri du, halaber, «azken asteetan sortu dituzten eztabaida mediatiko faltsuak». «Sortu duten tentsioa euren aurka itzuliko da, Euskal Herrian bereziki».

Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko Espainiako eta Frantziako gobernuek duten «erantzukizun itzela» nabarmendu du, halaber, Urizarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.