Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Urizarren ustez, EAJk, PSEk eta PPk bat egingo dute EH Bilduren aurka

EAko buruzagiak uste du EAJk beldur diola independentziari, eta «edozer gauza» egingo duela hori oztopatzeko

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Urte politikoa hasteko eginiko ekitaldian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garrantziaz mintzatu da Pello Urizar EAko idazkari nagusia. Uste du EH Bilduk aukera paregabea duela «proiektu independentista sendotzeko», baina ohartarazi du EAJ, PSE-EE eta PP «edozer gauza» egiteko prest daudela hori oztopatzeko. «Independentismoa ideologia bat baino gehiago da egun, gobernatzen duen alternatiba bat da. Eta horren beldur dira EAJ, PSE eta PP».

Ohi bezala, Donostian hasi du urte politiko berriari EAk. Londres hotelean beharrean, aurten Miramar jauregia hautatu dute horretarako. Han izan dira, besteak beste, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoa, Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidea eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua.

Azken urteetan euskal politikan izan diren gertakari garrantzitsuenak gogoratu zituen, eta, ondoren, urriaren 21eko bozak «independentziarako bidean» beste mugarri bat ezar dezaketela nabarmendu zuen Urizarrek. «Gure konpromisoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea». Horretarako, instituzioetako lana beharrezkoa izango dela nabarmendu zuen, independentziak eta eraldaketa sozialak eskutikhelduta joan behar dutela argudiatuta.

«Krisiak zerbait erakutsi digu:autonomismoak ez duela ezertarako bali. Ez du gure interesak defendatzeko balio». Horri erantzuteko, Urizarrek EAJri leporatu zion «bide autonomistatik» jarraitu nahi izatea, «Madrilek eman ditzakeen apur batzuengatik soilik ez bada ere». Eta horretarako, jeltzaleak «edozer gauza» egiteko prest daudela nabarmendu zuen. «Hasiak dira jadaPSE eta PPrekin koaliziogobernuak osatzeko zubiakeraikitzen. Horrek erakusten du EAJ, PSE eta PP gauza bera direla».

2015era begira, EAJk estatus politiko berri bat lortzeko helburua jarri izana, «su festa» bat da Urizarrentzat. «Ikusi genuen zer gertatu zen duela bi legegintzaldi [Ibarretxe planarekin]. Madrilek ezezkoa eman, eta gelditu egin ziren».

«Joko zikina»

Hori hala izanik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan «bi aukera» baino ez daudela nabarmendu nahi izan zuen EAko idazkari nagusiak. «EAJ, PSE eta PPk ordezkatzen duten politika eta ekonomia eredua, egungo egoerara ekarri gaituena. Eta bestea, eta alternatiba bakar gisa,Euskal Herria Bildu», adierazi zuen.

Hori entzunda, Urizarrek esan zuen urduri ikusten duela alderdi jeltzalea. «Egungo statu quo-ari eustea da bere helburua; horregatik, prest dago edozeinekin hitzarmena egiteko».

«Zikin» jokatzea leporatu dio, halaber, bai Bilduk gobernatzen duen instituzioetan egiten ari den oposiziogatik eta bai konponbide prozesuan agertzen ari den jarreragatik. «Urkullu Ajuria Enean ez badago, EAJri ez zaio interesatzen berak kapitaliza dezakeen ezer».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.