Urkijok dio EAJk urratu egin duela epailearen erabakiaren «espiritua»

Jone Artolak larunbateko ekitaldian izan zuen «protagonismoa» kritikatu du Espainiako Gobernuaren ordezkariakEz du baztertzen ekinbideak abiatzea, baina esan du epaileari dagokiola urratsa egitea

Jone Artolari babesa agertu zioten larunbateko ekitaldian; ondoan ditu Juan Maria Aburto eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako sailburuak. M. RAMIREZ / ARP.
jokin sagarzazu
2013ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Jeltzaleak estutu nahi ditu Carlos Urkijok. Bilboko Aste Nagusiko txupineraren polemikaren harira EAJren udal taldeak eta alderdiko bozeramaileek azaldutako jarrera kritikatu du Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Jone Artola jaietako txupinera izatea debekatzen zuen autoaren «espiritua» urratzea leporatu die, eta ez du baztertzen ekinbideak abiatzea gertatutakoa salatzeko.

Efe berri agentzian eginiko elkarrizketa batean, Urkijok gogor kritikatu du Artolak larunbatean Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko suziriaren jaurtiketan izan zuen «protagonismo erabatekoa». Gogora ekarri du Bilboko auzitegi batek bertan behera utzi zuela Artolaren izendapena, berak hala eskatuta. Eta Artolak suziria jaurti ez bazuen ere, «ordezko txupinazo baten protagonista» izan zela adierazi du. Gainera, Arriaga antzokian, Artolak gonbidatuak hartu eta balkoian toki «nabarmena» izan zuela salatu du.

Eta EAJ egin du horren erantzule. Urkijok adierazi duenez, Bilboko Udalak jaietako konpartsekin «negoziatu» zuen ondoren gertatutakoa, eta «terrorismoaren biktimen duintasuna» defendatzen duen autoaren «espiritua» urratzea leporatu dio. Horiek hala, ez du baztertzen larunbateko ekitaldiaren aurkako ekinbideren bat bultzatzea, baina «oraingoz» onena itxarotea dela esan du, «epaileak esan arte autoak zioena bete den edo ez». Urrats hori epaileak berak, ofizioz, egin dezakeela uste du.

Bere adierazpenekin, azken egunotan berak piztu duen polemika argitu nahi izan du Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Esan du ez dagokiola berari txupinera izendatzeko moduan «eskua sartzea», hori udalaren eskumena delako. Baina bai, ordea, udal edo administrazio bat salatzea legedia urratzen badu. Eta bere ustez, hala izan da, bai Artolaren kasuan eta baita Pablo Gorostiagaren kasuan ere —Laudioko pregoilari izendatu zuten Gorostiaga; 18/98 auziagatik preso dago eta Laudioko alkate izandakoa da—. Urkijok uste du bi kasuetan Terrorismoaren Biktimen Legea urratu dela. Hala, erabaki horrengatik jaso dituen zenbait kritika ez dituela ulertzen adierazi du, eta nabarmendu du EAJren erantzunak «harritu» egin duela, «ez delako justua eta neurrikoa izan». Urkijoren arabera, alderdi jeltzaleak «modu ulertezinean jarraitzen die» ezker abertzalearen planteamenduei, eta horregatik egin ditu kritika horiek. Bilduren aldetik jasotako kritikek, berriz, ez diotela kezkarik sortzen azpimarratu du. «Sortu edo Bilduren kritikek ez naute harritu. Ohituta nago legearen alde egiten dugun edozer ETA babestu duen mundu horrek kritika dezan».

Alderdi abertzaleei ez ezik, PSE-EEri ere mintzatu zaio Urkijo, eta adierazi du ez dela gehiegikerietan ari, sozialistek hala salatu badute ere. «Niretzat errazagoa eta erosoagoa izango zen ezer ez egitea, eta orain Bilboko eta Laudioko jaietan lasai asko paseatu ahal izatea, iraindua izateko beldurrik gabe».

Sortuk aurreko astean Espainiako Gobernuaren ordezkaritza kentzeko egin zuen proposamenaren inguruan, berriz, Urkijok adierazi du Espainiako Konstituzioan jasotako kargu bat dela berea, eta kendu nahi dutenei eskatu die Konstituzioa aldatzeko proposamena aurkezteko, «eta ez dezatela hedabideetan alferrikako deirik egin». Jeltzaleek Espainiako Gobernuaren ordezkariaren figura gogor kritikatu badute ere, ez diote Sorturen proposamenari modu argian erantzun. Aitor Esteban diputatuak, Ser irratian eginiko adierazpenetan, ohartarazi du egitasmoa aurrera eramatea ez dela erraza, Urkijok gogoratu duen moduan, Espainiako Konstituzioan jasota dagoelako Espainiako Gobernuaren ordezkari kargua.

Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak, berriz, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean esan du Bilboko Aste Nagusiaren hasieraren balantzea «ona» dela, «oztopoak» gainditu eta jaia gailendu egin delako. Larunbatean udalak eta konpartsek lortutako akordioa «oso positiboa» izan zela azpimarratu du. «Txupinazoaren ekitaldi instituzionala salbatu zen, errespetuan egin zen, behin Espainiako Gobernuaren ordezkariaren oztopoa gainditu zenean», esan du. Azken egunotan jazotakoari buruzko analisi politikoa ere egin du Atutxak. Eta esan du txupinenari buruzko polemikak norbaiti mesede egin badio ezker abertzaleari egin diola, «doako publizitatea eman zaiolako».

Analisi «baikorra»

Era berean, Atutxak adierazi du Bilboko Aste Nagusiaren jai eredua ez dagoela zalantzan, eta nabarmendu du azken egunetan gertatutakoa «Gobernu Ordezkaritzak sortutako polemika bat» baino ez dela izan. Hala ere, esan du gertatutakoak «tristura eta atsekabea» eragin diola. Nolanahi ere, Atutxak Aste Nagusiko jai ereduaren alde egin du, «eraginkorra eta jendearen gustukoa delako». «Eredua ez dago zalantzan», nabarmendu du.

Sozialistek, berriz, begi onez ikusi dute larunbateko erabakia. Bilboko Udaleko bozeramaile Alfonso Gilen ustez, helburua zen Aste Nagusiaren aurreko egunetako giroa «baretzea», eta uste du udalak eta konpartsek hartutako erabakiak hori posible egin zuela. Giroa «politizatu» nahi izatea leporatu die, halere, «zenbait» sektoreri. «Politikan, muturreko jarrerak gorabehera, hainbat lagun iraganera begira ari dira une oro, eta iraganean jazotakoa aitortzen, baina etorkizunera begiratzea eskatzen du gizarte honek, analisi okerrik ez egoteko», adierazi du Gilek, eta gogoratu elkarbizitza «gainditu gabeko irakasgaia» dela oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.