Udalbiltza

Urkijoren helegiteak salatu ditu Udalbiltzak, eta partzuergoaren zilegitasuna defendatu

Agerraldia egin dute Donostian, Espainiako Gobernuko ordezkariak Udalbiltza Partzuergoa diruz lagundu duten udalen aurka jarritako helegiteak baloratzeko.

Udalbiltzako kideek Donostian egindako agerraldia, Urkijoren helegiteak baloratzeko. UDALBILTZA
2014ko urriaren 29a
11:19
Entzun

Donostiako Miramar jauregian agerraldia egin dute Udalibiltzako kideek, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Udalbiltza Partzuergoa diruz lagundu duten udalen aurka jarritako helegiteak aztertzeko. Mertxe Aizpurua Euskal Herriko hautetsien biltzarreko lehendakariak gogor salatu du Urkijoren jarrera: “Udal autonomiaren eta tokiko erakundeek lankidetzarako duten eskubidearen aurkako eraso larria da hau”. Adierazi duenez, neurri horien bitartez "eten nahi dituzte zenbait erakunde eta eragile sozialekin batera sustatzen" ari diren jardunak herri hau "garatu eta kohesionatzeko”.

Hain zuzen ere, Udalbiltza Partzuergoaren lanabes nagusia nabarmendu du Aizpuruak, hau da, Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa, hori baita udalek diru ekarpenen bitartez lagundutako proiektuetako bat. Horren bidez, besteak beste, tokiko garapena, lurralde eta gizarte kohesioa, mugaz gaindiko lankidetza, euskara eta euskal kultura, eta burujabetza energetikoa ari da sustatzen Udalbiltza Partzuergoa. Aizpura bereziki harro agertu da Pirinioetan lortzen ari diren "sinergia, lankidetza eta lurraldeen arteko elkartasunarekin”.

Agerraldian nabarmendu dutenez, Urkijoren helegiteek aurrera egingo balute Udalbiltza Partzuergoa finantzabiderik gabe geldituko litzateke. Hala ere, Aizpuruak nabarmendu du Udalbiltza Partzuergoak auzitegietan defendatuko duela “existitzeko eta sortu zeneko helburuak betetzeko eskubidea”.

Azkenik, Udalbiltza Partzuergoaren zilegitasuna defendatu du, “euskal udalek partzuergoetan antolatzeko eskubidea dutelako". Alde horretatik, partzuergoaren ekarpena nabarmendu du: "Hiru administrazio eremutan banaturik egonik zaila baita lankidetza gauzatzea guztionak diren hainbat alorretan”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.