Urkullu: «Erabakitzeko eskubideak elkargune izan behar du, ez haustura»

Lehendakariaren iritziz, autogobernua ezin da «kale itsu» batean sartu. Iriartek esan du «premiazkoa» dela erabakitzeko eskubidea gauzatzea

Iñigo Urkullu lehendakaria atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
2020tik etenda daude Eusko Legebiltzarrean Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politiko-juridikoa eguneratzeko sortutako lantaldearen lanak, baina Iñigo Urkullu lehendakariak joan den astean esan zuen autogobernua indartzeko garaia iritsi dela, betiere aldebikotasun printzipioari eusten bazaio. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak estatutu berrian erabakitzeko eskubideak izango duen tokiaz galdetu zion atzo lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta hark erantzun zion autogobernua ezin dela «kale itsu» batean sartu edo «tiradera batean gorde», eta gizarteari dagokiola bere etorkizun politikoa erabakitzea. Hala ere, erantsi zuen erabakitzeko eskubidea, egun, ez dagoela «juridikoki oinarrituta», ez dagoela arautua, eta oraindik zehazteke dagoela zein eginkizun betekoduen kontzeptu horrek estatus berrian. «Erabakitzeko eskubideak elkargune izan behar du, ez haustura», ohartarazi zuen.

Jaurlaritzaren jarrerarekin—bereziki EAJrekin— kritiko azaldu zen Iriarte, eta leporatu zion estatus politikoaren eztabaida fasea amaitu eta zehaztapenetara igarotzeko garaia iritsi denean aurrerapausorik ez duela eman. «Edo ez dakizue egiten, edo ez zaizue komeni, edo paralizatzen zarete edo paralizatzen zaituzte». Iriarteren iritziz, «konkrezio fasera» pasatzeko garaia da, «sinesgarritasun kontu» bat delako eta gaur egun «behar» bat ere bai.

Iriartek azpimarratu zuen «premiazkoa eta beharrezkoa» dela erabakitzeko eskubidearen eztabaidari heltzea, areago egungo krisian, eta herritarrei kontsulta egitea lehentasunezkoa dela. Hala, lehendakariari galdetu dio zein den bere ustez estatus politiko berria adosteko orduan gehiengo sozial eta politikoa batu dezakeen «elementua».

«Ez dago elementu bakar bat. Asko dira», erantzun zion Urkulluk Iriarteri. Lehendakariaren esanetan, estatus politiko berriaz eztabaidatzen ari den legebiltzarreko lantaldeak «ahalik eta adostasunik zabalena» lortu beharko luke, eta lantaldeak onartutako testuak «bideragarria» izan beharko luke, ondoren herritarrek erreferendum bidez berretsi dezaten.Eta zehaztu zuenerabakitzeko eskubideak bi printzipiotan oinarrituta egon beharko lukeela: batetik, «euskal foru tradizio politikoaren izaeran», eta, bestetik, «gizarte garaikidearen eskakizun demokratikoan». Haren ustez, erabakitzeko eskubideak «itun politiko eta instituzional zabal» bat izan behar du oinarri, ondoren euskal herritarrek berresteko era izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.