EAJren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari Iñigo Urkulluk uste du ez duela merezi Jaurlaritzaren «agonia» luzatzea; aitzitik, esan du «Euskadik gobernu sendoa edukitzeko eskubidea» duela.
Espainiako Onda Cero irrati kateari eginiko adierazpenetan, EAJko buruak esan du alferrikakoa dela Eusko Legebiltzarrerako bozak aurreratuko diren edo ez eztabaidan ibiltzea, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria delako Legebiltzarra desegin eta bozetara deitzeko ahala duen bakarra.
Dena den, uste du egungo gobernuaren legegintzaldia amaitzen ari dela, eta PPren babesik gabe eta azken bi hauteskundeetan PSE-EEk emaitza txarrak eskuratu ostean Patxi Lopezen «gobernu agonia luzatzeak» ezer onik ez dakarrela.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJk irabaziko dituela ziur egon arren, gehiengo absoluturik ez dela egongo uste du Urkulluk, eta «bozez harago» begiratu behar dela esan du, «adostasun zabalak» bilatzeko «krisi ekonomikoari aurre egiteko, bake prozesua sendotzeko, bizikidetza politikoa normalizatzeko eta autogobernuan sakontzeko». «Horrek guztiak adostasun zabalak lortzen saiatzera garamatza, hurrengo bozen emaitzei derrigor begiratu gabe», adierazi du Urkulluk.
Raxoirekin bilera gaur zortzi
Urkullu Madrilera joango da gaur zortzi Espainiako gobernuburu Mariano Raxoirekin biltzera, atzo jakin zenez. Raxoik eta Urkulluk krisi ekonomikoa eta «ETAren amaiera» izango dituzte hizpide, EAJko iturriek baieztatu dutenez.
Urkullu: «Ez du merezi gobernu agonia luzatzea»
EAJko buruak «adostasun zabalen» premia azpimarratu du, «bozen emaitzei derrigor begiratu gabe»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu