Urkullu gaur batzartuko da EH Bildu eta PSE-EEko kideekin, akordio bila

Urkulluk, Egibarrek, Garcia de Salazarrek eta Mediavillak Sabin Etxean hartuko dute EH Bildu, 10:00etan, eta PSE-EE, 12:00etanMintegik, Urizarrek eta Arraizek osatuko dute koalizioaren ordezkaritza taldea

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko kideak, joan den astean, hauteskundeetako emaitzak aztertzeko eginiko bileran. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
EAJk gaur hasiko du gobernu osaerari begirako bilera sorta. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan babes handiena jaso duen alderdia izanik, bere etxean hartuko ditu gainerako alderdietako ordezkariak, bakoitzaren babes kopuruaren arabera antolatuta. 10:00etan batzartuko da EH Bilduren ordezkariekin Sabin Etxean, eta 12:00etan, PSE-EEko kideekin. PPrekin eta UPDrekin bihar bilduko da.

Alderdi jeltzaleko zuzendaritzak atzo iluntzean jakinarazi zuen bileretara bidaliko duen ordezkaritza, EBBk astelehenero egin ohi duen batzarrean erabakia hartu ondoren. Iñigo Urkullu EBBren presidente eta lehendakarigaia izango du buru EAJren ordezkaritzak. Beste hiru burkidek lagunduko dute lehendakarigaia: Pilar Garcia de Salazar EBBren idazkariak, Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, eta Koldo Mediavilla EBBn Erakunde alorreko arduraduna denak.

Atzoko bilera alderdiei egingo dien proposamena zehaztu etaleuntzeko ere baliatu zuen EBBk. Horri buruzko zehaztapenik eman ez badu ere, buruzagi jeltzaleek behin eta berriz errepikatu dituzte zeintzuk diren alderdiaren asmo nagusiak, modu orokorrean.

Akordio zabal eta iraunkorrak

Akordio «zabal eta iraunkorrak» nahi dituela esana du Urkulluk; egungo egoerak elkarlana eskatzen duela, eta ahalik eta adostasun zabalenak lortzen saiatuko dela. Hiru gai nagusitarako aldarrikatu ditu akordioak, krisi ekonomikoari buruzkoa premiazkoena dela ohartarazita. Egoera ekonomikoari aurre egiteko, alderdi guzti-guztien arteko ituna nahiko lukeela esana du; ezin dela «minutu bat ere gehiago itxaron», eta egoera ekonomiko larria iraultzeko guztiak elkarlanean aritzea izango duela helburu nagusi.

Horrez gain, autogobernuaren eta gizarte politiken inguruan itunak proposatuko dituela iragarria du, eta, bakegintza eta normalizaziorako bidean ere beste horrenbeste egingo duela.

EH Bilduk ere jakinarazi du zein izango den EAJrengana bidaliko duen ordezkaritza: Laura Mintegi lehendakarigaia buru den taldean izango dira, baita ere, Hasier Arraiz ezker abertzaleko kide eta hauteskundeetan Arabako zerrendan aurkeztuta legebiltzarkide hautatu dutena, eta Pello Urizar EAren idazkari nagusia eta gipuzkoarrek legebiltzarkide izateko aukeratu dutena.

Gaurko bilerara «entzutera» joango dela esana du EH Bilduk. Baita PSE-EEk ere. Patxi Lopez jarduneko lehendakaria, alderdiak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako dituen idazkarien laguntzarekin joango da Sabin Etxera: Txarli Prieto, Jose Antonio Pastor eta Iñaki Arriolarekin.

Gabonetarako lehendakari

Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten alderdiekin bileretan ari den bitartean, gobernua osatzeko egin beharreko urratsei begira ari da EAJ. Prozesua ahalik eta gehien azkartu nahi dute jeltzaleek, eta jakinarazi dutelehendakaria aukeratzeko prozesua Gabonen aurretik egin nahi dutela.

Legebiltzarkide berriek kreditazioak hartzeko epeek baldintzatzen dute gobernuaren osaketa data, eta horrekin jokatu ohi dute alderdiek prozedura azkartu edo moteltzeko. Legebiltzarkide izango direnen herenek agiriak legebiltzarrean aurkeztu eta hamabost egunera deitu behar du lehen saiora jarduneko presidenteak, eta kopuru hori erraz gainditzen duten jeltzaleek astelehenean jaso nahi dituzte agiriak. Legebiltzarreko hirugarren saioa izaten da lehendakaria izendatzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.