Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak tortura kasuak izan ditu hizpide gaur, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran, galdera bati erantzunez. Modu argian onartu du sinesgarritasun osoa ematen diola bere gobernuaren eskariz Paco Etxeberria auzitegi medikuak gidatu duen ikerketari. 4.100 tratu txar eta tortura salaketa baino gehiago bildu ditu txosten horrek; tartean, Ertzaintzari dagozkionak (336). Lehendakariak esan du Ertzaintzaren aurkako epai judizialak ez dela izan sekula, eta "harro" azaldu da EAEko Poliziak "prebentzio neurriak" hartzen dituelako. "Ikerketa horrek baieztatzen du Ertzaintzan estrukturala dena eta hura ezaugarritzen duena torturaren prebentzioa izan dela".
Lehendakariak PPk zuzendutako galdera bati erantzunez egin ditu adierazpen horiek. Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPren presidenteak Urkulluri leporatu dio torturen gaineko ikerketarekin Ertzaintzaren gaineko susmoa zabaltzea. "Haren ohoreari eraso egiten zaio". Horrez gain, Alonsok salatu du torturen gaineko ikerketarekin indarkeriak parekatu egiten direla eta "joko horrek" ETA justifikatzea dakarrela.
Urkulluk Alonsori erantzun dio nazioartetik Espainiako Estatua zortzi aldiz kondenatua izan dela tortura kasuak ez ikertzeagatik, eta NBEk, Europako Kontseiluak eta Amnesty International elkarteak kezka agertu dutela tortura kasuengatik. "Biktima horiek aitortuak izatea merezi dute". Lehendakariak gogorarazi dio tortura kasuei buruzko ikerketa 2013-2016 Bake eta Elkarbizitza Planean jasota zegoela.
Urkulluk nabarmendu du txostenean jasotzen direnak ez direla salaketa anonimoak, "grabatutako eta baieztatutako" testigantzak baizik. Lekukotasun horietatik abiatuta, "kontraste motodologia zorrotza" garatu dela ziurtatu du. "Giza eskubideen urraketa zehatzen gaineko hausnarketa kritikoa ahalbidetzen du emaitzak".