EAJren EBBko buru Iñigo Urkulluk adierazi du independentzia helburu duen alderdia dela berea. Hala ere, EBBko buruak uste du independentziaren kontzeptua berrikusi beharra dagoela, «gaur egungo garaiak» hala agintzen duelako. Eta autogobernuan sakontzeko apustua egiten du, horren aldeko gehiengoak lortuz. Patxi Lopez EAEko lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, independentzia ez da konponbidea, eta egungo autogobernuak eskaintzen dituen tresnak nahikoa dira krisiari aurre egiteko. Marian Beitialarrangoitia ezker abertzaleko kideak, aldiz, argi egin du independentziaren alde: «Inposizioaren bidez Espainiako Estatuak egungo eta ondorengo belaunaldiak eskubiderik gabe bizitzera eta pobrezia ekonomikora kondenatu nahi baditu, burujabetza politiko eta ekonomikoa behar dugu».
Horretarako, Espainiako Gobernuak duen «blokeo jarrera» ikusita, ezker abertzaleak uste du beharrezkoa izango dela independentzia aldebakarrez aldarrikatzeko erabakimen politikoa. Izan ere, ezker abertzaleko kideak dio ez direla «gobernuaren borondate aldaketari begira» egoteko garaiak, nahiz eta «aurkakoen arteko elkarrizketa» beharrezkotzat jo. PSE-EErekin harremana badutela berretsi du Beitialarrangoitiak, eta PPrekin ere hala izateko «borondate osoa» dutela. Dena den, PPk denen arteko irtenbideak lortzeko borondaterik ez badu, ezker abertzaleak dio «gatazka konponbidera eraman nahi dutenen artean» ekin beharko zaiola elkarlanari. Izan ere, ezker abertzaleak ohartarazi du Espainiako Estatua «boikota egiten» ari dela konponbide prozesu horri, ez duelako «euskal proiektu independentistari modu demokratikoan aurre egiteko gaitasunik». Gatazkaren «konponbide osoak» Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ere aintzat hartu beharko duela ohartarazi du Beitialarrangoitiak: «Inposizio bidez herri honi etorkizuna ukatu nahi badiote, guk geuk egin beharko dugu subiranotasun politiko eta ekonomiko osoaren jabe».
Prozesu horretan, ezker abertzalearen ustez, beharrezkoa izango da arlo guztietan gehiengo independentistak artikulatzea; horrela, «beharrezko tresnak» eskuratu eta «subiranotasunaren bidean» sakonduz, instituzioak aldebakarreko independentzia adierazpena egiteko prestatzeko.
Urkulluk, berriz, autogobernuan sakondu beharra dagoela uste du. EAJk independentzia helburutzat duela ere esan du buruzagi jeltzaleak —hala adierazi zuen alderdiak orain zortzi hilabete osatutako txostenean—, baina hauxe ohartarazi du: «Kontuan izan behar da zein garaitan bizi garen». Izan ere, Urkulluren arabera, ekonomikoki, politikoki eta lege aldetik gaur egun dauden baldintzak aintzat hartuta, independentziaren kontzeptua berrikusi eta birmoldatu beharra dago. Euskal Herriaren administrazio egitura, adibidez, independentziarako oztopo dela dio Urkulluk, eta Europako Estatuak ere hasiak direla subiranotasuna galtzen. Gauzak horrela, argitu du EAJk autogobernu handiagoa lortzeko apustua egiten duela, «autogobernu horren aldeko gehiengoa gero eta handiagoa bihurtzeko helburutik abiatuta».
Patxi Lopezen iritziz, ordea, independentzia ez da konponbidea, ez eta EAJren bidea ere. «Esparru politiko berriak edo, beste modu batez esanda, independentziarako urratsak ez dira konponbidea», esan du, EAJk aipatutako estatus politiko berriaren beharrari erreferentzia eginez. Lopezen arabera, EAJk argitu beharko luke zer nahi duen proposamen horrekin, «Euskadik ez baitu behar iraganeko politiketara itzultzerik». Krisi ekonomikoaren testuinguruan, beste batzuk dira euskal gizartearen kezka edo «arazo nagusiak»; hain zuzen, langabezia, ekonomia eta ongizatea. Horiek konpontzeko, EAEko lehendakariak aldarrikatu du nahikoa direla egungo autogobernuak ematen dituen tresnak.
Diadaren oihartzuna
BartzelonanDiada egunean izandako manifestazio jendetsuaren ondorenak izan du oihartzunik Euskal Herrian ere. Independentziari buruzko eztabaida hauspotu da, eta Euskal Herriko politikarien adierazpenetan ere nabaritu da hori. Lopezen esanetan, arrazoi ekonomikoek eragindako haserreak sortu du sentimendu independentista, «eta hori konpondu beharra dago». Ezker abertzaleko Maribi Ugarteburuk adierazi du egoera ezberdinak direla kataluniarrena eta euskaldunena: «Lotzen gaituena estatu baten menpe egotea da, nahiz eta menpekotasun hori ere ezberdin azalarazi». Hala ere, poza agertu du erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren aldeko «gehiengoaren ahotsa» entzun ahal izan delako: «Beste modu batean, baina hemen ere ari gara gehiengo hori eraikitzen».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Urkullu: «Independentzia bai, baina garaia ere kontuan izan behar da»
Ezker abertzaleak dio burujabetza nahi bada aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko erabakimen politikoa beharko delaLopezen ustez, nahikoa da egungo autogobernu maila krisiari aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu