«Sentsibilitate guztien parte hartzean sinesten dugu. Printzipio kontua da. Denek izan behar dute hauteskundeetan parte hartzeko aukera, eta denak izan behar dira herritarrek epaituak». Horrela defendatu du Urkulluk Sortuk bozetan parte hartzeko duen eskubidea. Eta seguru dago ezker abertzalea maiatzaren 22ko bozetan egongo dela, «modu batean edo bestean».
«Ezker abertzalea deitzen zaiona hauteskundeetan egongo da; nola egongo diren, berek aukeratuko dute», adierazi du EAJko buruak. Haren esanetan, auzitegiek diotena diotela ere, badaude parte hartzerako formulak. «Zein formatutan parte hartzen duen norberak ere aukeratzen du, eta, beraz, berak aukeratuko du nola aurkeztuko den».
Euskal Herria «denbora berri baten atarian» dagoela «benetan sinesten» duela adierazi du Urkulluk. Aurrera egiteko «aukera aniztasuna» bermatu behar dela, eta «herritarrek erabakitzea» dela horren giltza. Horixe esan zion EAJko buruak Zapatero Espainiako gobernuburuari, astelehen gauean, Moncloa Jauregian egindako bileran: Sortu legeztatzearen alde egiten duela EAJk; ezker abertzalea legezko izatea defendatzen duela, bai «printzipioengatik», bai «garai berria» egonkortzeari begira.
Zapateroren jarrerari buruz galdetuta, ez duela hark esandakoaren berri emango erantzun du, baina gai horri buruz Madrildik «baikor» itzuli zela esatea «gehiegi esatea» litzatekeela zehaztu du.
Urkullu seguru dago ezker abertzalea egongo dela datozen hauteskundeetan
EAJko burua Zapaterorekin bildu zen astelehenean, eta Sortu legeztatzearen beharraz ohartarazi zion
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu