Erreakzioak

Urkullu: "Txalotu egiten dugu ezker abertzaleak ETAri egindako eskaera, zeharka egin badio ere"

Espainiako Gobernuarengan adierazpenak ez duela eragingo esan du Ramon Jauregik. Pello Urizar: "ETAk lehenbailehen esan beharra du indarkeria behin betiko utzi duela". Jaurlaritzak ez du mugimendurik egingo ETAk armak behin betiko utzi artean.

2011ko urriaren 18a
19:04
Entzun

Larraitz Ugarte (Gipuzkoako Aldundia): "Konferentziaren eskaerak jaso dituzten agenteek modu positiboan erantzutea espero dugu, epe laburrean. Garrantzitsuak dira eskaera horiek. Aldundia erabat gustura dago konferentziarekin, baita parte hartu zuten pertsona ospetsuekin ere. Gatazkak jatorri politikoa duela onartu da".

Txarli Prieto (PSE-EE): "Drama da muturreko abertzaleek ETAri bere amaiera eskatu behar ziotela konturatzeko 34 urte behar izatea. Lehenago egin izan balu, drama izugarria saihestuko genuen. Hala ere, beti da ona ETAren amaiera eskatzea. Garbi dago sendotasun demokratikoa terrorismoari gailentzen ari zaiola".

Iñigo Urkullu (EAJko EBBko presidentea): "Nahiz eta ezker abertzaleak zeharka egin dion ETAri armak uzteko eskaera, eskaera egin dio eta txalotu egiten dugu hori egin izana. ETAk ez du inolako aitzakiarik dagoeneko. Porrot egin du ETAk, ez duelako ezer lortu. Ezker abertzaleak, berriz, beti defenditu izan duen bidearen kontrakoa egin du azkenik".

Idoia Mendia (Eusko Jaurlaritzako bozeramailea): "ETAk indarkeria behin betiko utzi artean ez dugu aurreikusten geuk mugimendurik egiterik. Konferentziak garbi esan dio ETAri jarduera terrorista uzteko".

Antonio Camacho (Espainiako Barne ministroa): "Demokraziak garaitu egin du ETA, eta gobernuak indarkeria behin betiko uzteko exijitzen dio".

Juan Luis Sanchez de Muniain (Nafarroako Gobernuko bozeramailea): "Terrorismoaren bukaeraren istorioa terrorismoaren biktimek idatziko dute, sekula ez ETAko hiltzaileek. Nafarroako Gobernuak ETArengandik espero duen bakarra, bere desagerpena da".

Pello Urizar (EAko idazkari nagusia): "ETAk lehenbailehen esan beharra du indarkeria behin betiko utzi duela. Hau bezalako unerik ez dago horrelako pausoa emateko; atzerapen handi batek justifikaziorik ez luke. ETAk hori iragarriko balu, Frantziako eta Espainiako gobernuek eman beharko lituzkete hurrengo pausoak, ETArekin parte tekniko oro aztertzeko, bake iraunkorra eta behin betikoa egon dadin. Bestetik, gatazka honek konponbide politikoa behar du".

Mariano Raxoi (PPren presidentegaia): "Garrantzitsuena ETAk indarkeria amaitu duela esatea da. Hori gertatu artean ez naiz beste gaietan sartuko".

Alfredo Perez Rubalcaba (PSOEren presidentegaia): "ETAren kontrako borrokako azken pausoak ematen ari gara, eta irmotasuna, batasuna eta zuhurtzia eskatzen ditut".

Mikel Arana (EBko eusko legebiltzarkidea): "ETA behin ere baino bakartiago dago. Eragileei dei egiten diegu bakea lortzeko lan egiteko".

Ramon Jauregi (Espainiako Lehendakaritza ministroa):  "Atzoko konferentziako adierazpenak ez du eraginik izango Espainiako Gobernuarengan. Adierazpenaren edukia etsigarria da. Konferentzia amaieraren gidoiaren zati bat izan daiteke. Ziurrenik bakea ukitzetik gertu gaude. Gizartea eta demokraziaren garaipena izan da, hori da egia bakarra, izan daitekeen kontakizun bakarra. Ez da egon gatazkarik, ez Espainia eta euskal herritarren artean, ezta euskal herritar batzuen eta besteen artean ere".

Aralar: "Atxikimendu osoa eta babes guztia azaltzen diegu bake konferentziako ondorioei. Bakea eta normalkuntza erdiesteko urrats kualitatibo eta itzuletzina da ebazpena. Maila ezberdin batean sartu gara eta aurrera ibili nahi dugu iraunkorra izanen den bakearen bila. ETAk indarkeriaren erabilerari behin betiko ukoa aitortu behar dio, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek elkarrizketari bidea ireki behar diote gatazkaren ondorioak konponbidean jarri ahal izateko. Gizartea da bakegintzan eragile nagusia eta protagonismo osoa hartu behar duena. Bakea etikan oinarritu behar da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.