ETAk jarduera armatua behin betiko utzi ostean pausoak ematea dagokio Espainiako Gobernuari, Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen irudiko. Areago, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak egindako azken adierazpenen ostean, haren esanetan. Fernandez Diezek ElCorreo egunkariari eskainitako elkarrizketan adierazi du ETAren ekintzen etenak ez duela «atzera bueltarik» eta ez dagoela inolako arriskurik erakunde armatuan banaketarik gertatzeko.Urkullurentzat pozgarria da Barne ministroak jendaurrean aitortu izana ETAn hausturarik egoteko arriskurik ez dagoela, uste duelako halako baieztapen bat egiteko datuak izango dituela Fernandez Diazek: «Haren erantzukizuna da hori esatea».
Sabino Arana fundazioaren Hermes aldizkariaren azken zenbakiaren aurkezpenean hitz egin du Urkulluk. Haren hitzetan, Fernandez Diezen adierazpenen ostean Espainiako Gobernuak eta PPk onartu beharko lukete «garai berria» zabaldu dela eta ezinbestekoa dela aurrerapausoak ematea, «etorkizun hobea eraikitzeko».
Lege erreforma
Bestalde, Gorka Maneiro UPDko eledunak babestu egin du «ETAren mehatxuz» Euskal Herritik alde egindakoek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan bozkatu ahal izateko Hauteskunde Legean aldaketa egitea. Erreforma hori egiteak «zailtasun teknikoak» dituen arren helburua «bidezkoa» dela uste du. Maneiroren aburuz, ETAren jardueragatik eta abetzaleen politikengatik «joandakoek» Euskal Herrira itzuli eta bozkatzeko aukera izango balute, abertzaletasuna gutxiengoan legoke «argi eta garbi», eta ez luke ia tokirik euskal gizartean.
UPDko bozeramaileak gaineratu du lehentasunezkoa dela «Euskadi bizitzeko egokia den herria» bilakatzea, besteak beste, adierazpen eta pentsaera askatasuna errespetatuz eta «terroristei» gobernatzeko aukerarik ez emanez.
Urkulluk aro berrian urratsak egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari
ETAk «botatakoek» boto aukera balute abertzaleak «gutxiengoan» egongo liratekeela dio UPDk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu