Urkulluk bozkatzera deitu du menditik, krisiaren «gailur zaila» gainditzeko

Otegik boto «aurrerakoi, subiranista eta antifaxista» guztiak bildu nahi ditu, EH Bildu delako «ezustekoa eman dezakeen» alderdi bakarra. Sanchezek «autogobernu transbertsal» baten beharra nabarmendu du Bilbon.

Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia, txistua jotzen, Zaldiaran mendian egin duen kanpainako ekitaldian. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE
Andoni Imaz
2020ko uztailaren 5a
14:57
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria eta hauteskundeetarako EAJren hautagaia Zaldiaran mendira (Araba) igo da gaur kanpainako ekitaldia egitera. Leixuri Arrizabalaga alderdi horren Bizkaiko zerrendaburua Serantesen izan da, eta Bakartxo Tejeria Gipuzkoakoa, Ernion. Menditik eskatu dute «herritar askok» har dezatela parte uztailaren 12ko bozetan, azken 40 urteetako hauteskunderik «garrantzitsuenak» izango baitira, haien esanetan.

Urkullu lehendakarigaiak adierazi du datozen lau urteetako lan nagusiak enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua direla. Horiek dira hiru menditatik izendatu dituzten «gailur nagusiak», hain zuzen. «Mendira igo gara, geure arbasoek egiten zuten bezala. Ezohiko egoerei, ezohiko erantzunak», esan du Urkulluk. Esplikatu dute zergatik jo duten mendira kanpainako ekitaldiak egitera: osasun egoerarekin «koherenteak» izateko, jenderik ez pilatzeko leku itxietan; eta gizarteak datozen urteetako krisiari aurre egiteko egin beharko duen «ahalegina» sinbolizatzeko: «Taldean, kordadan, inor atzean utzi gabe».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, berriz, Eibarren (Gipuzkoa) izan da. Hark esan du EAJk eta PSEk herritarrei botoa eskatzen dietela «egiten ari diren eta egingo dituzten murrizketen konplize izateko» eta, horren aurrean, aldarrikatu du EH Bildu «tresna baliagarria» dela egoera ekonomikoari aurre egiteko. Uste du EH Bildu dela «ezustekoa eman dezakeen» alderdi bakarra, eta dei egin du ezkerreko boto «aurrerakoi, subiranista, abertzale, antifaxista eta errepublikazale» guztia han elkartzeko.

Harekin izan da Mikel Otero Arabako zerrendaburua ere. Oterok Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren hondamendiaz hitz egin du. Adierazi du horrek erakutsi duela «EAJren eta PSEren ereduaren porrota» eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarako «gaitasunik eza»: «Zaldibarrek erakutsi digu gure bizitzaren funtsezko kontuak ezin ditugula irabazi pribatuen eskuetan utzi, eta, finean, Zaldibarren Urkulluk erakutsi zuen ez dagoela prest egoera zailak behar bezala kudeatzeko», esan du.

Autogobernu «transbertsala»

PSE-EEren kanpainan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Bilbon izan da, Idoia Mendia lehendakarigaiarekin. Eusko Jaurlaritzaren autogobernua indartzeko konpromisoa hartu du, eta erantsi du autogobernu hori «transbertsala» izango dela, «gizarte osoa» egongo dela haren barruan, eta «berdintasuna identitatearen aurretik» egongo dela.

Mendia hautagaiak zorrotz hitz egin du: «PSEk osatutako gobernu batek ez du planteatuko, ezta epeka ere, Espainia hausteko inolako proiekturik». Adierazi du PSE dela «fidagarritasuna eta koherentzia» emateko gai den alderdi bakarra: «Asko dugu jokoan. Herritarrek merezi dute egia kontatzea, batzuk euren kontuak saltzen tematzen diren arren», esan du. Hain zuzen, Sanchezi elkarrizketa bat egin diote gaur Vocento taldeko egunkarietan, eta adierazi du EAJ dela haien bazkide estrategikoa, baina PSEk ez duela bat egingo erabakitzeko eskubidearekin.

Pablo Echenique Unidas Podemosen Espainiako Kongresuko diputatua Gasteiza etorri da, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren lehendakarigaiari babesa ematera. Hark adierazi du EAJrekin «hitz egin» daitekeela, baina Urkulluri erantzun dio EAJ baino ezkerrekoagoak direla «alderdi guztiak», PP eta Vox izan ezik.

Echeniquek nabarmendu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 130.000 pertsona daudela pobrezian, «2018an baino %46 gehiago», eta horrek esan nahi duela Eusko Jaurlaritzak ez duela lan onik egin azken legealdian. Gorrotxategik berak ere esan du gizarte arrakala handia dagoela: «Hau ez da EAJk aurkezten duen oasia». PSEri eta EH Bilduri leporatu die beren programetan jasotzen dituzten ezkerreko neurriez «ahaztea», haiekin gobernurik ez osatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.