Neurri murriztaileak bere hartan utziko ditu Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuak, ondo bidean, maiatzaren 9an indargabetuko du alarma egoera, eta Jaurlaritza hasia da alarma egoerarik gabeko egoerarako prestatzen: Iñigo Urkullu lehendakariak gaur kazetariei egin dizkien adierazpenetan esan duenez, ostiralean onartuko dute neurriak egoera berrira moldatzeko balioko duen dekretua.
Dekretua maiatzaren 10ean sartuko litzateke indarrean, eta lau edo sei aste arteko balioa izango luke.
Urkulluren arabera, dekretuak egun indarrean dauden arauak mantentzeko balioko du, «betiere Jaurlaritzak dituen gaitasunen barruan». Argi utzi du neurriak ezin direla leundu, ez bada behintzat aldaketa handirik gertatzen pandemiaren bilakaeran.
Dena den, Urkulluk berriro eskatu dio Madrili alarma egoera luzatzeko. Esan du oraindik badirela egun batzuk igandea iritsi arte, eta baduela itxaropena Sanchezen gobernuak jarrera aldatuko duela. Alarma egoerak sei hilabete daramatza indarrean.
Neurriak, legezkoak?
Jaurlaritzak egungo neurriak mantentzen baditu, litekeena da haien legezkotasuna auzitegietan erabakitzea. Izan ere, alarma egoerari esker, oinarrizko askatasunak murrizten dituzten neurri batzuk daude orain indarrean: besteak beste, etxeratze agindua, joan-etorrien debekua eta elkartzeko debekua. Alarma egoeraren legezko babesik gabe, ikusteko dago Jaurlaritzak debeku horiek mantendu ahalko dituen ala ez.
Urkulluk ez du horren inguruko adierazpenik egin nahi izan, baina gogorarazi du iazko urrian ere —alarma egoera indarrean sartu aurretik— EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak debekatu zuela gehienez ere sei lagun bil zitezkeela zioen araua.