Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ez du ulertzen zer dela-eta ez duten alderdiko txartela itzultzen Arabako ustezko eroskeria eta espioitza politikoko auzian inputatuta daudenek. Izan ere, Miñao auzian inputatutako pertsonek alderdian jarraitzen duten bitartean EAJren irudiari kalte egiten ari zaizkiola salatu du Urkulluk. Alderdiak ez du nahi aurrerantzean antzekorik gertatzerik, eta, horregatik, barne estatutuak aldatzea aztertzen ari da, auzipetuta egon eta alderdiko txartela itzultzeari uko egiten diotenak alderditik bota ahal izateko. Hala jakinarazi du Urkulluk Radio Euskadi irratiari eskainitako elkarrizketa batean.
EAJko presidenteak irmo ukatu du alderdiaren zuzendaritzak Arabako politikariak eta enpresaburuak zelatatzeko agindu zuela: «Ez da sekula halako agindurik eman», esan du. Ustezko espioitza politikoaren auzian bi ertzain eta Aitor Telleria Arabako EAJko buruzagi ohia daude inputatua, Arabako politika eta gizarte alorreko pertsona ezagunak zelatatzea eta haien bizitza pribatuari buruz lortutako informazioarekin EAJrentzat txostenak egitea leporatuta. Auzi hori Arabako EAJko hainbat buruzagi inputatuta dauden beste ustelkeria kasu bat ikertuta ezagutu zen. Auziotan ikertzen ari diren delituak egiazkoak balira egileak EAJko kide izateaz baliatuko zirela salatu du Urkulluk. Haren ustez, «lardatsak eta nazkagarriak» dira ustelkeria eta espioitza kasuak, baina argi utzi du EAJk ez duela loturarik auzi horiekin. Hala, inputatuak errugabe izateko esperantza agertu du.
Ildo beretik jo du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak ere.Uste du Miñao auzian auzipetutakoei EAJko txartela kendu beharko litzaiekeela beren kabuz itzuli nahi ez badute. Auziak alderdiari kalte egiten diola aitortu du Azkunak, eta halakorik berriro gerta ez dadin neurriak hartzea proposatu du.
Auzia ikertzeko Eusko Legebiltzarrean sortu den batzordearen zeregina zalantzan jarri du Bilboko alkateak. Komunikabideei isilpean informazioa pasatzea eta bertako kideak «serioak eta hitzekoak» ez izatea kritikatu du. Azkunaren ustez, epaitegietan auzia zabalik dagoen bitartean batzordean agertzeak «izorratu» baino ez ditu egiten inputatuak.
Ares, «zuhur»
«Inork ustezko espioitza auzia argitzea nahi badu, hori Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintza da», Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren esanetan. Aferaren inguruko daturik ez du Aresek, baina uste du «nazkagarria» litzatekeela akusazioak egia balira. Miñao auziaren inguruan zabaldu den informazioa «zuhurtziaz» hartu behar dela iritzi dio, eta ez du usteErtzaintza susmopean jartzeko daturik dagoenik. Hainbat komunikabidek sumarioa aipatuz zabaldu dute azken urteotan EAJren EBBk kontrolatzen zuela Ertzaintzaren Terrorismoaren Aurkako Unitatea. Hori horrela izan ote zen ez dakiela esan du Aresek, baina gaineratu du PSE Ajuria Enera iritsi denetik Ertzaintzaren kontrola «soilik» Eusko Jaurlaritzarenesku dagoela.
PPren ustez, berriz, «gero eta ageriagoa da» EAJ ustezko ustelkeria eta zelatatze auzien atzean dagoela, buruzagi jeltzaleak horren jakitun zirelako. Leopoldo Barreda EAEko PPko eledunak adierazi du Eusko Legebiltzarreko batzordera iristen ari diren datuekin «batek baino gehiagok» dimisioa eman beharko lukeela,urteetan «zigorgabetasun osoz» aritu direlako. Haren irudiko, EAJk erantzukizunak argitu beharko lituzke alderdi barruan.
Urkulluk dio inputatuek EAJri «kalte» egiten diotela alderdian jarraituz gero
EAJk Ertzaintza kontrolatzen zuela frogatuko balitz «nazkagarria» litzatekeela dio Aresek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu