Urkulluk dio Jaurlaritzak defizita bikoiztu duela

Bere hartan segitzen du EAJkoak, eta Aresek eta Pastorrek gezurretan eta alderdikeriaz aritzea leporatu diote

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
EAJk eta Eusko Jaurlaritzak muturka jarraitzen dute. Jaurlaritzaren diru kontuei buruz bakoitzak bere mezuak zabaltzen segitzen du, eta bestearen aurka egiten. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak esan du ostiralean adierazitakoari eusten diola. Jaurlaritzaren egoera «kezkagarria» dela berretsi du, eta ez duela egindako adierazpenak zuzentzeko asmorik. Ostiralean emandako datuetan «oso motz» geratu zela adierazi du, gainera. Jaurlaritzaren defizita barne produktu gordinaren %2,5 dela «gutxienez», iazko aurrekontuetan aurreikusitakoaren bikoitza.

Ostiraleko adierazpenetan porrot hitza ez zuela erabili ohartarazi du, hala ere, Urkulluk, Radio Euskadi irratian egindako elkarrizketa batean. Hondamen arriskua zegoela ez zela bere ahotik atera eta hedabideek sortu zutela polemika. Hala ere, Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa «oso larria» dela errepikatu du, zorra izugarri handitzen ari dela eta oraingo Jaurlaritzak ondoren etorriko denari utziko dion finantza kargak kezkatuta duela.

Alderdi Sozialistak gogor egin du Urkulluren hitzen aurka: «Bere alderdiarekiko abertzaleada, ez herriarekiko», esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak. «Euskadi finantza merkatuen aurrean» arriskuan jartzea egotzi dio.

«Hanka sartzea»

Ostiralean «hanka sartu» zuela onartzeko eskatu dio Urkulluri, burugogorkeria alboratzeko eta kazetariek Jaurlaritza hondamenerako arriskuan ikusten zuen galdetu ziotenean baietz erantzun izana okerra izan zela onartzeko.

«Oinarririk gabe eta arduragabe» alarma sortzea egotzi dio Pastorrek EAJko buruari, eta egunak igaro ondoren ere «zulo horretan sakontzea erdi egiekin». Gehiago ere esan dio: «Urkulluk ez du ez euskaldunen hitzik ez leialtasunik».

Mezu bertsua eman du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Jaurlaritzaren kaudimena zalantzan jartzen tematzea egotzi dio Urkulluri, horretarako «gezurrak erabili» behar baditu ere eta «Euskal Herriari min konponezina egin ahal diola jakinik ere».

Alderdi interesak herri interesen aurretik jartzea leporatu dio hargatik, eta maltzurkeriaz jardutea ere bai: «Ez da lehen aldia Urkulluk elkarrizketa pribatuak maltzurki eta egian oinarritu gabe zabaltzen dituena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.