Frantzisko aita santu Jorge Mari Bergoglioren harrera ekitaldi batean parte hartu du gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako arduradun batzuekin batera. Share proposamena aurkezteko asmotan egin du bidaia Urkulluk: migratzaileen harrera eta integrazioa erregulatzeko helburua du egitasmoak. Aita santuari eskua eman eta elkarrekin hitz batzuk trukatu ondoren, Pietro Parolin kardenalarekin bildu dira Jaurlaritzaren ordezkaritzako kideak —Giza Eskubideen idazkari Jonan Fernandez eta Kanpo Ekintzako idazkari Marian Elorza, besteak beste—, migratzaileen harrera egiteko proposamena aurkezteko. Urkulluk bilkuraren ondoren esan duenez, "begi onez" hartu du Vatikanoak Jaurlaritzaren plana. Elorzak Euskadi Irratian azaldu du "agente diplomatiko garrantzitsua" dela Vatikanoa, eta horregatik joan direla hara.
Jaurlaritzak 2018ko irailean aurkeztu zuen proposamena estreinakoz, eta nahi du Europako Batasunak irizpide batzuk ezartzea migratzaileak hartzeko: besteak beste, lurralde bakoitzaren egoera zein den kontuan hartuta, horren araberakoa izatea migratzaile kopurua.
EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusi Lander Martinezek ere hizpide izan du Urkulluren proposamena. "Gehienbat kuota sistemaren inguruan ari da, eta badakigu horrek ez duela ondo funtzionatu Europan", esan du Euskadi Irratian. Martinezek azaldu du Jaurlaritzak ez duela eskumenik migrazio eta harrera politiken inguruan, eta esan du "proposamen politiko bat" baino ez dela Urkullurena: "Eskumenak ditugun gaietan, zergatik ez dugu gure lana sakontzen?".
Martinezen hitzetan, "gure sisteman ditugu zuloetan" jarri behar da lehentasuna, esaterako, "sistemaren zuloetan erortzen diren egoerak hobetuz, heltzen diren adingabeen egoera hobetuz, eta, halaber, migrante eta errefuxiatuen harrera kudeatzeko konpetentzia eskatuz". Martinez: "[Espainiako] Auzitegi Konstituzionalak argi utzi du izan dezakegula halako eskumen bat, eta guk ere Eusko Legebiltzarrean eskatuko dugu eskumen hori, hobeto kudeatzeko migrante eta errefuxiatuen egoera, babes sistemaren bidez".