Bakebidean urratsak egin, eta normalizazioa eta bizikidetza politikoa lortze aldera, EAJ «diskrezio osoz» bere esku dagoen guztia egiten ari dela ziurtatu du EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk, «publikoki, ezker abertzalearen kritikak jaso arren». Izan ere, Urkulluren arabera, pribatuan ezker abertzaleak bestelako mezuak helarazten dizkio EAJri. Herritarren parte hartzearen inguruan bere alderdiak atzo Donostian eginiko ekitaldi batean parte hartu zuen, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiarekin, Eneko Goia Donostiako alkategaiarekin eta Eider Mendoza Batzar Nagusietako lehendakarigaiarekin batera.
Urkulluk nabarmendu zuen EAJk «ahal duen guztia» egingo duela «agertoki berrian, lausoki bada ere, dagoeneko sumatu egiten diren bakea eta bizikidetza politikoa sendotzeko». EAJko buruzagiaren iritziz, irekitako prozesu horretan batzuei lan «agerikoagoa» egitea «egokitu zaie» –ezker abertzaleari esate baterako–, eta beste batzuek erantzukizun instituzional eta politikotik parte har dezakete prozesuan, «EAJk isileko eta protagonismo desirarik gabeko lana egiten duen bitartean». «Eta horretan dihardugu», esan zuen, «publikoki ezker abertzalearen kritikak sufritu arren. Kritika horiek zerikusirik ez dute gero pribatuan esaten digutenarekin. Baina ez zaigu axola, EAJren konpromisoa bizikidetza demokratikoaren zutoinak jartzeko urratsak egitea baita oroz gain», adierazi zuen Urkulluk, irmo.
EAk, Alternatibak eta independenteek osaturiko Bildu koalizioa maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan izango dela sinetsita dago EAJko buruzagia. «Hauteskundeetan egon behar du, ezker abertzaleak bere marka propio eta legezkoarekin egon beharko lukeen bezala». Orobat, Bilduk hauteskundeetan parte hartzeak EAJri ez diola «ez txarrik ez onik» egiten ziurtatu zuen. Horrenbestez, «EAJk ez du batere beldurrik», Urkulluren esanetan. «Gure proiektuan ari baikara lanean, eta gizarteak jarriko gaitu bakoitza bere tokian», esan zuen.
Bilduren inguruan PSE-EEko agintarien adierazpenek «nahasmendua» eragiten dutela salatu zuen, halaber. «Batzuek diote legezkoa dela; aldiz, beste batzuek diote Bilduren zerrendak luparekin begiratuko dituztela. Duela lau urte EAE-ANVrekin egindako jokoaren antza du honek ere. Orduko hartan ANVren zerrendak legezkoak ziren, baina Alderdien Legea beren apetaren arabera ezarri, eta batzuk legez kanpo utzi zituzten», gaitzetsi zuen.
Euskal gizartearen gaur egungo errealitatea lau iruditan laburbildu zuen Urkulluk, Donostian eginiko hitzaldian. Irudietako bi bakea eta itxaropena dira, haren iritziz. Eta gainerako biak, berriz, PSE-EE eta PPren arteko hitzarmenak eragindako «konfrontazioa», batetik, eta «krisi ekonomikoari gaina hartzeko gai ez den PSE-EEren Eusko Jaurlaritzaren gezurrak eta zinismoa», bestetik.
Urkulluk esan du bakea eta normalizazioa lortzeko EAJ «diskrezioz» ari dela lanean
Bildu hauteskundeetan egongo dela eta euskal gizarteak «bakoitza bere tokian» jarriko duela esan du EBBko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu