Urkulluk eta Iriartek euren proiektuak alderatuko dituzte gaur

Inbestidura saioa egingo dute legebiltzarrean, eta Urkullu izendatuko dute lehendakari. EPk «gardentasunik eza» leporatu die EAJri eta PSEri

Iñigo Urkullu eta Maddalen Iriarte legebiltzarreko saio batean. ENDIKA PORTILLO.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
EAJko Iñigo Urkulluren eta EH Bilduko Maddalen Iriarteren proiektu politikoak alderatzeko aukera egongo da gaur Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria aukeratzeko inbestidura saioan. Biek ala biek aurkeztu dituzte lehendakari izateko hautagaitzak, eta ezuste handirik ezean, Urkulluk eskuratuko du lehendakari izateko babesa, EAJren eta PSEren 41 legebiltzarkideen botoei esker. Goizeko saioan, 90 minutuz hitz egiteko parada izango dute bi hautagaiek, eta arratsaldean izango da alderdien arteko eztabaida. Iluntzean egingo dute bozketa.

Gobernu akordioa gaur bertan ezagutaraziko du Urkulluk, eta hura izango da bere hitzaldiaren ardatz nagusia. Lau zati izango ditu Urkulluren diskurtsoak: lehenbizikoan, koronabirusaren izurriaz eta ondorioez mintzatuko da, eta, jarraian, legealdiko ardatz nagusiez. Gero, gobernu programa xehatuko du, eta, azkenik, autogobernua izango du hizpide.

EH Bilduko hautagaiak, bere aldetik, «bestelako politikak» eta «gobernantza eredu alternatiboa» aldarrikatuko ditu. EH Bilduk ohar batean jakinarazi duenez, Iriartek «ezkerreko alternatiba politiko sendoa eta sines- garria» eskainiko du, eta ideia horretan oinarrituta azalduko du koalizioaren gobernu programa. Erronken artean honakoak ezarriko ditu Iriartek: pandemiak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egitea eta neurri zehatzak abiatzea osasunean, hezkuntzan, enpleguan, zaintza eta justizia sozialean. Horrekin batera, burujabetzaren alde ere mintzatuko da.

EAJk eta PSEk herenegun sinatu zuten datorren legealdirako koalizio gobernurako ituna, eta atzo Elkarrekin Podemosek agerraldi batean salatu zuen akordio hori «asmo orokorrez» josita dagoela eta dokumentuaren «letra txikia» ezagutaraztea eskatu zuen. Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak «gardentasunik gabe» jardutea aurpegiratu zien Jaurlaritzako bazkideei: «Faltan ditut gardentasuna eta argitasuna. Krisialditik irteteko hartuko dituzten neurri zehatzak argi eta garbi azaldu behar dituzte». EAJk eta PSEk sinatutako gobernu akordioaren mamia ezagutu gabe ere, Garridok uste du «porrot» egin duten politikei eutsiko diela Jaurlaritza berriak. Hori horrela, Ahal Dugu-ko buruak «arduraz» jokatzeko, «anbiguotasunak» alde batera uzteko eta neurri zehatzak hartzeko eskatu zion hurrengo gobernuari.

Elkarrekin Podemosek ez ditu babestuko ez Iñigo Urkulluren ez Maddalen Iriarteren hautagaitzak, eta abstenitu egingo da bi bozketetan, Garridok atzo berretsi zuenez: «Hautagaitza batek ere ez ditu betetzen ezkerreko bloke indartsu bat osatzeko baldintzak».

PP eta Ciudadanos koalizioko legebiltzarkide Carlos Iturgaizek ere gobernu akordioa «ezkutatzea» eta gobernu «iluna» eratzea egotzi zien EAJri eta PSEri. Bestetik, legealdi berrian «oposizio eraikitzailea» egingo duelairagarri zuen.

Jaurlaritzaren egitura berria

Iñigo Urkulluk larunbatean egingo du lehendakari karguaren zina Gernikako juntetxean (Bizkaia), eta orduan jakinaraziko du Jaurlaritza berriaren osaera. Euskadi Irratiak atzo aurreratu zuenez, 11 sailez osatuta egongo da gobernua, eta bi lehendakariorde izango ditu, alderdi bakoitzeko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.