Biktimak

Urkulluk indarkeriaren erabilera «bidegabea» deitoratu du

Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta, elkarretaratze bat egin dute Eusko Legebiltzarraren atarian.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria hizketan, gaur, Gasteizen.
2020ko martxoaren 11
12:28
Entzun

Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta, Gasteizen elkarretaratze bat egin dute, Eusko Legebiltzarraren atarian, 12:30ean, Injustua izan zen. Gizartea eta biktimak elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz lelopean. Besteak beste, han izan da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, eta, hitzaldi batean, elkartasuna, aitortza eta hurbiltasuna erakutsi dizkie biktima guztiei. Dei egin du biktimek eta gizarteak bere egin dezaten elkarrekin bizikidetza eta etorkizuna lantzeko ardura, askotariko ikuspegiak uztartuz. «Helburu bakar baterako elkartzen gara: gizarteak eta biktimek elkarrekin gure bizikidetzaren oraina eta etorkizuna eraikitzea».  

Urkulluren iritziz, biktimak erreparatzeko, memoria kritikoa eraikitzeko, giza eskubideen aldeko heziketa sustatzeko eta bizikidetzaren pedagogiarako, aitortu egin behar da «terrorismoa bidegabea» dela. «Gure gizarteak ezin du ontzat eman ez aitortzea terrorismoak, edozein sigla zuela ere, eta bereziki ETAk, iraganean eragindako hilketen eta giza eskubideen urraketak bidegabeak izan zirela». Nabarmendu du garrantzizkoa dela hildako biktimen eta zauritutako biktimen familiek jakitea ezerk ezin duela justifikatu jasan zutena, eta segurtatu du gizarteak eta EAEko instituzioek ezagutu eta aitortzen dutela jasan zutena.  

Aurrez, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren idazkari nagusiak Onda Vasca irratiko elkarrizketa batean esan du «inkoherentzia bat» dela, ikuspuntu «etiko eta demokratiko batetik», GALen hilketak gaitzestea eta ez ETArenak, haren ustez denak ere «injustizia bat» izan zirelako. Azaldu du nazioarteko kontsentsuek diotela indarkeriaren biktima denak «berdintasun irizpideen arabera» hartu behar direla. «Gertatu zitzaiena injustua izan zela esatea erreparazio modu bat da. Biktima batzuei esaten bazaie hori, denei esan behar zaie». Fernandezek adierazi du «iraganaren memoria kritikoaren eraikuntzarako« beharrezkoa dela aitortzea indarkeriaren erabilpena injustua izan zela. Haren esanetan, EAEko azkeneko legealdian aurrera egin da, ETA desagertu egin delako, eta uste du bizikidetzan «pauso erraldoiak» eman direla, baina aipatu du Eusko Legebiltzarreko Memoria lantaldean alderdiak ez direla gauza izan adostasun bat lortzeko «iraganaz zerbait kritikoa esateko orduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.