Urkulluk ukatu egin du Rajoyri «espetxe onurak» eskatu izana

Bi agintariek asteartean Madrilen egindako bileraz Quirogak esandakoak gezurtatu ditu lehendakariak

Urkullu eta Quiroga, Lehendakaritzan egindako bileran. R. BOGAJO / A. PRESS.
Maialen Unanue
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Urkulluk presoentzako espetxe onurak eskatu zizkion Mariano Rajoyri, ETAren amaierarako baldintza gisa». Arantza Quiroga PPko buruaren hitzak dira, atzo Eusko Legebiltzarrean egin zen kontrolerako saioaren ostean esanak. Rajoyk eta Urkulluk asteartean Madrilen egindako bilerari buruzko azalpenak eman zituen Quirogak; haren hitzetan, «espekulazioak» saihesteko.

Bilera horretan Urkulluk Rajoyri euskal presoentzako «espetxe onurak» eskatu zizkiola baieztatu zuen Quirogak. Eta gaineratu zuen eskaera hori ETA behin betiko desagertzeko «baldintza gisa» planteatu zuela lehendakariak. Espainiako presidentearen erantzuna, berriz, preso hitza lege hitzari lotuta zihoala izan ei zen; hala irabazten zaiola demokrazian terrorismoari.

Presoentzako «graziazko neurriak» ETAren amaierarako baldintza gisa erabili izana «guztiz faltsua» dela erantzun zuen, ondoren, Urkulluk; bere eskaerak, bestelako bide batetik doazela. «Proposamenak ETAren indarkeriaren amaiera ordenatua eta baldintzatu gabea ditu xede, indarrean den espetxe legediaren barruan».

Bi agintarien arteko bilera ez zuten ofizial egin, baina astearte gauean bildu ziren. Urkulluk abenduaren 30ean iragarri zuen biltzeko eskatu ziola Rajoyri, beste gai batzuez ez ezik, baketzeaz ere hitz egiteko. Asteartean, gauez, eta inori ezer esan gabe bildu ziren, beraz, Urkullu eta Rajoy, eta horren ostean, ez zuten hitz egindakoari buruzko informaziorik eman. Quirogak sekretupekoari argi pixka bat bota nahi izan zion atzo, ordea: «Gauza bat diskrezioa delako, eta bestea, obskurantismoa».

Quirogaren hitzetan, bada Urkulluk kontatu ez duen beste zerbait: «Lehendakaria geldikerian errotutako presidente bat aurkituko zuelakoan zegoen, baina garai honen gidari izan nahi duen presidente batekin egin zuen topo, ordea». Eusko Jaurlaritzak ere erreferentzia egin zion ustez PPren jarrera berriari: «Lehendakaria pozik dago, inoiz baino gehiago, PPk aurrerantzean geldikeria baztertuko duela baieztatu zuelako».

Jaurlaritzak azaldu zuen, gainera, lehendakariak Rajoyrekin izandako bileraz ez duela jendaurrean hitz egin orain arte, eta «orain arte bezala» lan egiten jarraituko duela, «leialtasuna eta diskrezioa» oinarritzat hartuta.

Madrilgo bileran hitz egindakoaz eta hitz egin gabekoez eztabaidatu aurretik, legebiltzarreko kontrolerako saioan ere Urkulluk Quirogaren hitzak gezurtatu zituen. Azken boladan Sorturekin harremanak «ezkutuan» mantendu izana aurpegiratu zion PPko buruak, baita alderdi horrekin dokumentuak trukatu izana ere; horiek ere «ezkutuan».Urkulluk, ezetz: «Sorturekin eta gainontzeko alderdi guztiekin hitz egin dugu, eta bazenuen horren berri. Zure taldearekin eta zurekin ere bildu naiz. Dokumentuak ezkutuan trukatu ditugula diozu. Nik ezker abertzaleari dokumenturen bat bidali badiot, lehenago jaso du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta baita zuk ere». Urkulluk atsekabez hartu du PPko buruaren galdera: «Jarrera horrekin horrelakoak esatera behartzen nauzu».

Beste galdera bat ere egin zion Quirogak: Sorturekin legebiltzarretik kanpo eginiko bilerek ez ote duten erakusten bake lantaldearekiko lehendakariaren «mesfidantza». Oraintxe bertan geldirik egon arren, oraingoz EAJk eta EH Bilduk osatzen duten lantaldeak bere «babes osoa» zuela ihardetsi zion, eta horrekin bat egitera gonbidatu zuen PP.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.