EAE-ko Estatutu Berria

Urkulluk uste du "sentimenduak modulatu" behar direla "akordioak zabaltzeko"

EAEko estatus politiko berriak "bizikidetza esparru berritua" eskaini beharko lukeela esan du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, kontrol saioan. Aditu taldeak astelehenean utziko du testu artikulatua Eusko Legebiltzarrean.

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaurko saioan. DAVID AGUILAR/ EFE
edurne begiristain
2019ko azaroaren 29a
12:12
Entzun

Atzo amaitu zituen lanak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoari testu artikulatuaren forma eman behar dion aditu taldeak, eta datorren astelehenean utziko du txosten osoa Eusko Legebiltzarrean. Ofizialki orduan jakingo da txosten horren edukia, baina honezkero filtrazioen bidez jakin da lan horrek nola jasoko duen erabaki eskubidea. Hiru formulazio proposamenarekin egingo duela jakin du Berria-k.

PPko Alfonso Alonsok Eusko Legebiltzarreko kontrol saiora eraman du gaur goizean gaia, eta lehendakariari eskatu dio aditu taldearen lanari buruzko balorazioa egiteko. Izan ere, Alonso "oso kezkatuta" agertu da aditu taldeak egindako lanarekin, bere ustez "Ibarretxe Plan berri bat" izango delako eta "kale itsu" batera eramango duelako.

Lehendakariak gogoratu du EAEko estatutuaren erreforma ez dela amaituko aditu taldearen lanekin, eta astelehenetik aurrera taldeen egiteko nagusia izango  dela "adostasunak zabaltzea". "Beharrezkoa izango da sentimenduak modulatzea adostasunak zabaltzeko", ohartarazi du Urkulluk.  Lehendakariaren ustez, estatus politiko berriak "bizikidetza esparru berritua" eskaini beharko lioke euskal gizarteari, eta horretarako, alderdiei "errealismoz eta erantzukizunez" lan egitea eskatu die. "Lortutako akordioen gainean eraiki behar da eta desadostasunetan akordioak lortu behar dira", esan du.

EAJ eta inbestidura

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia elkarrizketatu dute gaur goizean irrati kate batean, eta estatus politiko berriaz mintzatu da. Adierazi du EAJk erabakitzeko eskubidea babesteak ez duela oztopatuko Espainiako Gobernuko inbestidurarako negoziaketa. Estatutuaren erreformaren lanak hastapenetan daudela eta oraindik "bide luzea" geratzen dela azpimarratu du Mendiak, baina ziur da ez dela "fronte subiranista" bat sortuko. PSEko buruak gogoratu du EAJ-PSE gobernu akordioan jasota dagoela gobernuak ez parte hartzea estatutuaren erreforma batean, eta lan hori legebiltzarraren esku uztea. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.