Mezu ulergaitz bat zabaldu zuen atzo Iñigo Urkullu Lehendakariaren Twitterreko kontuak: «Bihar, bai Ministeritza eta beste Erkidego Autonomoetakoekin hartu beharreko neurri berrietaz diren —eta adostuta hartuak izango liratekenak— solaskidetzen ondoren eta ondorioz, berriz batzartuko da Batzorde Eragilea».
Bihar, bai Ministeritza eta beste Erkidego Autonomoetakoekin hartu beharreko neurri berrietaz diren -eta adostuta hartuak izango liratekenak- solaskidetzen ondoren eta ondorioz, berriz batzartuko da Batzorde Eragilea.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) March 8, 2020
Mezua iluna eta ulergaitza suertatu zaie txiolari askori. «Zer? Euskarara itzuliko didazu, mesedez?», erantzun dio Aintzane Muguruza Mendiartek. «Txioa inork ulertzen badu, mesedez azal diezagula. Errespetu pixka bat, arren», esan du Iker Bizkar kazetariak.
Litekeena da mezua itzulpen trakets bat izatea. Izan ere, Urkulluren kontuak antzeko mezu bat zabaldu du gazteleraz, eta txukun idatzita dago. Baina misterioa da zer tresna erabili ote den itzulpen eskasa egiteko. Izan ere, BERRIAk Jaurlaritzaren itzultzaile gramatikala erabili du Lehendakariaren kontuko mezua euskaratzeko, eta, nahiz eta teknologia zaharragoa izan, emaitza ez da horren aldrebesa, oso ona ez bada ere:
«Bihar Batzorde/Komisio Eraginkorra berriro ere elkartuko da Ministerioarekin ere mantenduko ditugun elkarrizketen eta neurri berriak emateko aukera balioesteko beste Autonomia-Erkidego batzuen ondoren. Elkarrekin adostuta egingo dugu».
Teknologia berriagoetara jauzi eginda, Google Translate erabili du BERRIAk, eta emaitza askoz hobea da:
«Bihar Batzorde Operazionala berriro bilduko da Ministerioarekin eta beste autonomia erkidego batzuekin izango ditugun hitzaldien ondoren, neurri berriak aplikatzeko aukera ebaluatzeko. Elkar adostasunez egingo dugu».
Elhuyarren Itzultzaile Automatikoa adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarrituta dago, eta haren emaitza egokia da:
«Bihar Batzorde Operatiboa berriro bilduko da, Ministerioarekin eta beste autonomia erkidego batzuekin ere neurri berriak aplikatzeko aukera aztertzeko elkarrizketak izan ondoren. Ados jarriko gara».
Eta, azkenik, emaitza txukuna lortu da Jaurlaritzaren Itzultzaile Neuronala erabilita ere:
«Bihar berriro bilduko da Batzorde Operatiboa, Ministerioarekin eta beste autonomia-erkidego batzuekin ere izango ditugun elkarrizketen ondoren, neurri berriak aplikatzeko aukera baloratzeko. Ados jarrita egingo dugu».
Honek guztiak galdera bat utzi du airean: Urkulluren kontuak, txioa jatorriz euskaraz idatzi beharrean, erdaratik itzultzaile automatiko batekin euskaratzea erabaki baldin badu, zergatik ez du erabili horretarako eskura duen teknologiarik onena?