Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du PPrekiko akordioa hautsita Patxi Lopezek ezin dela iraun «beste urtebete » Eusko Jaurlaritzaren buruzagitzan, egungo egoerak «gobernu egonkor eta sendoa» behar duelako. Gainera, Lopezen jarrera «arduragabea» dela esan du Urkulluk, lehendakariak EAJri zentsura mozioak aurkezteko erronka jo diolako hauteskundeak aurreratu beharrean. Urkulluren arabera, EAJk 2009tik elkarlanerako hainbat proposamen egin dizkio PSE-EEri —«adostasuneko gobernua» osatzea barne—, baina sozialistek ez dute hori onartu nahi. EBBko presidentearen ustez, Lopez «autogobernuaren kontzeptuaz eta Euskadi ereduaz» jabetu da Mariano Raxoi Espainiako presidenteari oposizioa egin eta PSOEren «aitzindari zorrotz» gisa agertzeko.
Espainiako Cope irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Urkulluk esan du egungo krisi ekonomikoaren egoeran Lopezek «arduraz» jokatu behar lukeela, baina «horren kontrakoa» egiten ari dela. «Ezin genuen pentsatu legealdia bukatzeko urtebeteren faltan, eta Lopezen kasuan teorikoa den urtebetean, egoera honetan bizi gintezkeenik: PSE-EEk duen sostengua zein den jakin gabe, eta lehendakaria oposizioko alderdiei zentsura mozioak aurkezteko erronkak eginez, PP ere oposizioko alderdia baita orain». Zentsura mozioa aurkeztu zezakeela erran zion Lopezek EAJri akordioaren hausturaren harira egindako agerraldian.
Urkulluk esan duenez, 2009an Jaurlaritzarako hauteskundeak egin zirenean, gobernua osatzeko eskaintza egin zion EAJk PSE-EEri. EBBko presidentearen arabera, ordurako EAJk uste zuen beharrezkoa zela gobernu «sendo eta egonkorra» eratzea, «krisi egoera zegoelako, eta etorkizunean ere jarraituko zuela espero zelako». «Baina PSE-EEk, bere arrazoiengatik, PPren alde egin zuen. Basagoitik akordioaren haustura iragarri arte 38 boto zituzten Eusko Legebiltzarrean, gehiengo absolutua. Baina, orain, 75etik 25 ditu». EAJk eta PSE-EEk elkartuta 55 izanen lituzkete. Urkulluk dioenez, PSE-EEk ez du argitu zertan datzan PPrekin egin zuen akordioa, eta oroitarazi du PPk berak «onartu» zuela «komenientziako ezkontza bat» izan zela.
EAJren lankidetza eskaintzak
Urkulluren arabera, baina, EAJk PSE-EEri eskainitako lankidetza ez da gobernua elkarrekin osatzeko eskaintzara mugatu: besteak beste, 2009an bertan «etorkizunean jarduteko hamar oinarri» planteatu zizkion, eta «egonkortasun instituzionala» mantentzeko akordioa sinatu zuten. EBBko buruak dioenez, lehendakariak aurkeztutako «ekimen zehatz batzuen» helburua EAJ «zigortzea» eta «arkitektura instituzionala eraldatzea» izan da.
Urkulluren ustez, Eusko Jaurlaritza eta Lopez bera lehendakariaren irudiaz «baliatzen» ari dira hura «PSOEko buruzagitzat aurkezteko, eta ez PSE-EEkotzat». PSE-EEk eta lehendakariak Espainiako Gobernuaren murrizketak kritikatu dituzte «PSOEren helburu elektoralistengatik, eta ez PSE-EEren interesengatik».
Urkulluren ustez, Lopezek ezin du iraun beste urtebete
EBBko presidenteak esan du PSE-EE «autogobernuaren kontzeptuaz jabetu nahian» ari dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu