Bertie Ahern-ek (Dublin, 1951), Irlandako Errepublikako Taoiseach edo gobernuburu ohiak (1997-2008), «egoera egokia» ikusten du Euskal Herrian bake prozesu bat irekitzeko, atzo Donostian azaldu zuenez. Euskal Herriaz «aditu» ez dela onartu arren, aukera hori zertan oinarritzen duen azaldu du Ahernek: «Irailetik su-etena indarrean dago. Urrats garrantzitsuak egin dira urtarriletik. Indarkeria amaierara iritsi da. Soilik bide politikoen eta demokratikoen aldeko apustua egin da. Alderdi guztiek errefusatzen dute indarkeria... Segi aurrera! Bultza ezazue, ahalegin zaitezte alde guztiak biltzera».
Horrela mintzatu zen kazetariekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta eman behar zuen hitzaldiaren aurretik. Politikatik iaz erretiratu bazen ere, Irlandako bake prozesuan engaiatuta dirau bake akordioen aktore nagusietakoak, eta horri buruz mintzatu zen hitzaldian. Kazetariekin, berriz, Irlandaz bezala, Euskal Herriaz ere aritu zen.
Bakearen uzta
1998an hitzartu eta 2007 bitarteanjarri zen indarrean Ostiral Santuko akordioa. Horrek emandako fruituen laburpena egin zuen Ahernek: «Heldu den urtean hauteskundeak dira Irlandako iparraldean. Alderdiak euren programak zehazten ari dira: gai sozialak, hezkuntza, osasuna, ekonomia... dituzte buru-hauste, baina inor ez da iragan igaro berriaz mintzo», azaldu zuen. Eta hori, egun gutxi dela, bake akordioen aurkako disidentziak irlandar polizia gazte bat hil zuela kontuan izanda. «Hilketa horrek Irlandako iparraldeko alderdi guztien gaitzespena jaso zuen, eta hiletetan ordezkari nagusiak izan ziren; hori ez da sekula ikusi orain arte». Aldaketa gehiago: «Duela gutxi arte gela berean bilduko ez liratekeenak lagun minak dira orain, elkarrekin lan egiten dute, elkarrekin agintzen dute. Komunitate katolikoaren eta protestantearen arteko loturak ahulak dira oraindik, baina elkarbizitzarako urratsak ikusten dira. Jada ez dago gatazkari lotutako presorik...».
Bide laurik ez
Bake prozesu bakoitzak ezaugarri bereziak dituela, eta gatazka bateko konponbidea beste gatazka bat konpontzeko ezin dela erabili azpimarratu arren, bateko ikasgai eta metodologia batzuk besteko konponbidean aplika daitezkeela argi du Ahernek.
Ikasgai nagusia da, Ahernek azaldu zuenez, argi edukitzea bake prozesuetan bide laurik ez dagoela. «Egun beltz asko izaten dira. Pazientzia, denbora eta konpromisoa behar dira, eta atzean dituzunen konplizitatea», dio. «Egia da, batzuetan, ezer ez egitea hobea dirudiela. Baina arriskatu egin behar da».
Alde guztiak mahai beraren inguruan jartzea da bake prozesuetako gauzarik zailenetakoa, Ahernek ohartarazi duenez. Baina, lortuta ere, aldeek bestearen jarrera ulertzeko saioa egitea funtsezkoa dela ere esan du.
Gaiak, korapilatsuak beti, ahalik eta ikuspegi zabalenarekin jorratzeko aholkua ematen du irlandar gobernuburu ohiak. «Gure kasuan funtsezkoa izan zen gai guztiak jorratzea, baina modu oso irekian, ulermen kolektibo bat egiteko, denok irabaz genezan. Akordioak denontzat balio behar zuen, ezinezkoa zen alderen bat galtzailetzat geratzea», azaldu zuen Ahernek.
Nazioarteko bitartekaritza
Nazioarteko bitartekariek Irlandako bake prozesuan egindako lana ezinbestekoa izan zen, Ahernen arabera, eta gatazkak konpontzeko funtsezko eginkizuna dutela defenditzen du. Bitartekaritzarik gabe ere, ziurrenera bakea lortuko zutela uste du Ahernek, «baina zailagoa izango zen, eta, dudarik gabe, denbora gehiago behar izango genuen». Orain Euskal Herrian gertatzen den bezala, Irlandan ere alde asko bitartekaritza horren aurka agertu zirela gogorarazi du: «Mesfidantza handia izan zen; batzuek gela berean egotea ere ez zuten nahi». Baina George Mitchell senatari estatubatuarraren lanarekin betiko zorretan geratu direla aitortzen du Ahernek. Eta gatazkaren konponbiderako hark ezarritako printzipioek Irlandarako ez ezik munduko beste gatazka guztietarako ere balio dutela dio. Bitartekari lanetan jardun zuen Brian Currin abokatu hegoafrikarraz ere hitz onak baino ez ditu: «Pertsona ezin hobea da. Lan handi eta ona egin zuen Irlandan eta Hego Afrikan».
«Atzerabiderik ez»
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano aldamenean eduki zuen Bertie Ahernek. Hark aurkeztu zuen irlandar politikaria, eta Donostiara joan zedin egindako gonbitaren zergatia ere eman zuen. «Hango eta hemengo gatazkak desberdinak izan arren, ikasteko asko dugu arrakasta izan duen bake prozesuaz». Irlandako bake prozesuaren ikasgai nagusiak ere zerrendatu zituen Olanok: oztopo guztiak gainditzeko erakutsitako konpromisoa; egunez egunekoa gainditu, eta luzera begiratu beharra; eta adorea eta konpromisoa. «Asko dugu ikasteko Ipar Irlandan erakutsi zuten adoreaz eta konpromisoaz».
Diputatu nagusia konbentzituta dago Euskal Herriko bake prozesuak ez duela «atzera biderik». Prozesu horrek, Olanoren arabera, hiru zutabe eduki beharko lituzke: «Demokrazian eta giza eskubideetan oinarritu beharko litzateke; sektore guztiek parte hartu beharko lukete, bazterketarik gabe; eta ideia guztiak defenditzeko aukera egon beharko litzateke».
«Urrats garrantzitsuak egin dituzue, su-etena duzue... Segi aurrera!»
Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahernek egoera egokia ikusten du Euskal Herrian bake prozesua irekitzekoBake prozesuetan gauzarik zailenetakoa alde guztiak mahai berean biltzea dela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu