«Urrats txiki bat»: aurrera egiten hasteko

Hondarribiko alardeaz PSEk aurkezturiko mozio bat onartu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan; «plastiko beltzak» kentzeko dio. EH Bilduk onestea erabaki du. EAJ, aparte

arantxa iraola
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Behartuta gaude aurrera egitera». EH Bilduko batzarkide Ainhoa Beolak horrela defendatu zuen atzo bere taldeak PSE-EEk alardeen auziaz —Hondarribian irailaren 8an Jaizkibel konpainiak jasan zituen mespretxu keinuen harira— Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu zuen testu bati emandako babesa: «Ezin gara geratu orain dela hamabost urteko egoeran». EH Bilduko ordezkariaren aburuz, «beranduegi» badatoz ere, badira aintzat hartzeko aldagaiak sozialisten testuan; horregatik onetsi zuten. Aldeko 25 boz jaso zituen. Jatorriz beste testu bat aurkeztu zutenEH Bildukoek, baina ez zuen aski babesik izan, eta horregatik erabaki zuten sozialisten osoko zuzenketari babesa ematea. «Urrats txiki bat» dela uste dute: aurrera egiteko era bat. Orain 22 urte lehertu zen gatazka Irunen eta Hondarribian, eta oraindik ez da konpondu; areago, aurten igaro urteetan baino gordinago azaldu da.

Testuak, besteak beste, eskatu du berriro ez erabiltzeko «plastiko beltzak» Hondarribiko alardean, halakoak zabaltzen baitituzte urtero Kale Nagusian hainbat herritarrek Jaizkibel konpainia parekidea handik igarotzen denean. Erakundeei —tartean Hondarribiko Udalari— «bitarteko guztiak» eskatu dizkie 2019an istilurik gabeko jaia bermatzeko. Jai parekideen aldeko mezua ere garbi plazaratu du testuak: «Tradizioak herrien gizarte kohesiorako funtsezko elementuak izanik ere, haiek gure gizartearen balioetara egokitzeak, zehazki emakume eta gizonen berdintasunera egokitzeak, ez dakar inola ere tradizio horien aurka egitea». Izan ziren EH Bilduk eta PSE-EEk testu bat bateratzeko ahaleginak, baina ez zuten fruiturik eman.Petra Romero batzarkide sozialistak onartu zuen ez zutela nahi izan biren arteko akordio hori, «batzen duena leheneste aldera». Aurten Hondarribian ikusitako iskanbila «atzerapausoa» dela onartu zuen, eta berdintasuna lehenetsi behar dela.

Kritika erakundeei

EH Bilduren testua Lohitzune Txarolak defendatu zuen. EAJri gai horretan behar adinako lanik ez egitea egotzi zion. Buruzagi jeltzaleek auzi horretan lan «diskretua eta isila» lehenetsi behar dela esan dute usu, baina, Txarolaren aburuz, gaiari errotik heltzeko gogo falta dago horren atzean. «Hain-hain isilekoa da lana, Jaizkibel konpainia ez baita enteratu ere egin», salatu zuen. Hain justu, berriki Jaizkibel konpainiako ordezkariak batzar nagusietan izan dira; Markel Olano ahaldun nagusiak inoiz haiei mezurik erantzun ere ez diela egin esan zuten. Jakina da Irun eta Hondarribiko alkateek ere ez dutela inoiz keinurik izan desfile parekideen alde.Ahal Dugu-ren izenean Maria Valiente aritu zen. EAJri eta PSE-EEri urteotan «deus ez egitea» egotzi zien. Aurreko legealdian Jenny Pearce bitartekaria gaia lantzen hasi zela gogoratu zuen, eta bultzatu egin behar dela orain ere haren lana.

EAJk beste osoko zuzenketa bat aurkeztu zuen, baina PSE-EErena onartu zen, eta ez zen bozkatu ere egin testu hori. Plastiko beltzik ez da aipatzen jeltzaleen testuan. «Bizikidetzaren kontrako ekintza oro» errefusatu du. Jai parekideen berariazko defentsarik ere ez du egin.Zorione Etxezarragak egin zuen testuaren defentsa. Jaia ulertzeko «bi modu» daudela argudiatu zuen, eta eskatu zuen ahalegin bat egiteko alarde parekideen aurka daudenen sentitzeko era ulertzeko. Izan ere, horretan kamuts jokatu dela uste du: «Batzar Nagusi hauetan beste aldeari ez zaio hitzik eman, eta, gatazkak konpontzeko, bi aldeei eman behar zaie hitza». Egungo foru gobernuari egindako kritiken aurrean, ukatu egin zituen utzikeria eta ahalegin falta: lan «serioa» egiten ari direla argudiatu zuen.PPren izenean Antonio Canok hartu zuen hitza. Tradizioaren izenean ari direnei hitza emateko ahalegina hark behin egin zuela gogora ekarri zuen, baina ezezkoa eman zutela haiek, argudioekin: «Zenbait alderdiren agresibitatea jasan nahi ez zutelako eman zuten ezetza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.