Urriaren 16an izango da Nafarroa Oinez, 'Erdian erein' leloa hartuta

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du jaia. Ikastolak mende erdiz euskararen alde egindako lana aldarrikatuko dute

Aurtengo Nafarroa Oinez ikastolen jaiaren aurkezpena, atzo. NAFARROA OINEZ.
iraia vieira gil
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Tafallako Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du etzi zortzi 41. Nafarroa Oinez jaia. Ikastolak berak 50 urte bete ditu aurten, eta, Erdian erein lelopean, mende erdiz euskararen alde egindako lana eta egun seme-alabak euskaraz hezten jarraitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dute. Era berean, gogorarazi nahi dute hezkuntza eredu berrietara egokitzeko tresnak behar dituztela, baita ikasleentzako espazio ireki gehiago izan beharko liratekeela ere.

Zazpi familiaren lanari esker jarri zuten abian Tafallako ikastola, orain 50 urte, eta orduan landatutako haziak etenik gabe loratzen segitu du: gaur egun, 233 familia, 35 langile eta 318 ikasle daude. Tafallakoak bertakoak dira asko, baina baita inguruko herrietakoak ere: Amatriain, Amunarrizketa, Artaxoa, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda Arga, Erriberri, Puiu eta San Martin Unxeko ikasleak hartzen ditu ikastolak.

Nafarroa Oinez jaia Tafallan ospatuko den laugarren aldia izango da. Aurrez,1986an, 1997an eta 2011n ospatu zen herrian bertan.

Oinez Berdea

Asteburu osoko jaia izango da aurtengoa, baina egun nagusia igandea izango da; gozatzeko aukerak, hori bai, ugariak izango dira. Hasteko, urriaren 15ean, dianak izango dira lehen orduan; artisauak eta taloak ondoren. Eguerdian, erraldoiak, euskal dantzak eta herrian zeharkako kantu-poteoa izango dira. Arratsaldean, besteak beste, umeentzako ipuinak eta liburu aurkezpenak izango dira.

Igandean, lau eremutan bananduko dute Tafalla —Sustrai, Hazi, Zuhaitz eta Kimu, eta eremu bakoitza ekintzaz beteta egongo da.

Antolatzaileek eskatu dute bizikleta eta antzeko garraio iraunkorrak erabiltzeko, hondakinen edukiontziak erabiltzeko, birziklatzeko, eta ura eta energia arduraz kontsumitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.