Euskal presoak

Urriaren 30ean jakinaraziko du epaileak Fernandez Iradiren inguruko erabakia

Gaur arratsaldean aztertu dute Ibon Fernandez Iradi larri gaixo den euskal presoaren auzia. Esklereosi anizkoitza du eta zigorra espetxetik kanpo betetzea eskatu du defentsak. Hilabete du epaileak erabakia hartzeko.

Ibon Fernandez Iradi aske uzteko mobilizazio baten deialdia. BERRIA
Maider Galardi
2019ko irailaren 25a
19:38
Entzun

Lannemezango (Okzitania) espetxean dago, eta esklerosi anizkoitza du. Aurretik egin du Fernandez Iradik espetxetik irteteko eskaera, baina ukatu egin diote aukera hori. 2012an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Hamasei urte daramatza espetxean.

Prokuradoreak gaurko ahozko saioa atzeratzeko eskatu arren, Fernandez Iradiren defentsak kasua gaur aztertzearen aldeko eskaera egin du, eta hala onartu du epaileak ere. Maritxu Paulus Basurko abokatuaren esanetan prokuradorea "ez aldeko, ez aurkako; zalantzatik" agertu da: "Gure eskaeraren inguruan dudak agertu ditu, baina ez da aurka azaldu". Edonola ere, hilabete du orain epaileak auzia aztertzeko, eta, ondoren, helegitea jartzeko aukera ere izango da. Paulusek, ordea, zuhurtzia eskatu du, epailearen erabakia ikusi arte. Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegia ari da kasua aztertzen.

Muinean, Fernandez Iradiren gaixotasuna espetxearekin bateragarria ote den eztabaidatzen ari dira aldeak. Paulusek oroitarazi du esklereosi anizkoitzak hainbat "eginbehar" eskatzen dituela (tratamendu jarraitua, sendagaiak, bestelako terapiak...), eta kartzelak ez daudela prest hori bermatzeko. Hori da, beraz, ondoko hilabetean epaimahaiak ebatzi beharko duena.

Bide luzea epaitegietan

2014an hasi zuen Fernandez Iradik bide judiziala, espetxea eta gaixotasuna bateragarriak ez direla frogatzeko. Lehen aldian, Kouchner legean oinarritu zen: preso baten osasuna kontuan hartuta, zigorra eten dezake epaileak. Bi medikuk esan zuten Fernandez Iradik espetxetik irten behar zuela, baina prokuradorea aurka agertu zen. Parisko Dei Auzitegiak hirugarren txostena eskatu, eta 2015eko maiatzean ezezkoa eman zuen. Parisko Kasazio Auzitegiak atzera bota zuen. 2016an, prokuradoreak presondegian atxikitzeko eskatu zuen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.