Urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte eginen dute Baterajotzea, Zaldibarren

Lubaki feministen garrantzia azpimarratu dute, «patriarkatuaren izaera sistematikoaren eta feminismoaren despolitizazio saiakerei» aurre egiteko baliagarriak zaizkiela erranez.

Urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte eginen dute Baterajotzea, Zaldibarren. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
Urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte eginen dute Baterajotzea, Zaldibarren. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko maiatzaren 10a
11:45
Entzun 00:00:0000:00:00

«Konspirazio, borroka eta iraultza feministan jarraitzeko topagunea». Horrela definitu dute Euskal Herriko Gazte Feministek udazkenean eginen duten Baterajotze berria. Urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte Zaldibarren (Bizkaia) elkartuko dira feministak: «Garaipenak eskuratzen jarraitzeko estrategien pentsaleku izango dugu Zaldibar, ortzi muga feminista marrazteko garaia».

Gaur jakinarazi dute, Zaldibarren bertan, jardunaldiak noiz izango diren. Azaldu dutenez, gaur egun «pobreziak, krudeltasuna eta odolusteak» dira nagusi: besteak beste, pribatizazio neoliberalak, emakumeen lan karga bikoitza, atzerritartasun lege arrazista oinarri duten migrazio politika hiltzaileak, etxegabetzeak, gazte independentisten kriminalizazioa, krisi ekologikoaren ukazioa, Palestinaren aurkako genozidioa… Bada, haien irudiko, «beldurraren kultura zabaltzea» da «immobilismorako» tresna nagusia, baina helburu hori dutenek ez dute lortzen, aitzinean antolatuta dauden mugimenduak dituztelako. Haien iritziz, mugimendu horietako bat feminismoa da: «Borrokarako grina, analisi zorrotzetarako gaitasuna eta desobedientzia jaso ditugu euskal feminismoaren genealogiatik». 

Are, erran dute Euskal Herriko feminismoaren historian «ilusioa eta amorrua» presente egon direla: «Gureak ez diren gerrei intsumisioz erantzun diegu. Eta gure aurkako gerrak, berriz, izendatuz eta ikusgarri eginez; lubaki feministak sortuz, defendatuz eta zabalduz». 

Lubaki feministak

Nabarmendu dutenez, lubaki horietatik «gorputzen, herrien eta bizitzen gaineko burujabetza, kontakizuna eta denbora» irabazten dute: «Epika eta politikara sarbidea, konspiratzeko eta autodefentsarako gaitasuna, eta espazio publikoa. Subjektu propioaren eraikuntza iraultza feministak jarrai dezan».

Euskal Herriko Gazte Feministen Baterajotzeko mobilizazioa, Usurbilen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Euskal Herriko Gazte Feministen Baterajotzeko mobilizazioa, Usurbilen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Erran dute, gainera, espazio horietan feminismoaren kontrako erasoez defendatzen direla, «seinalamendu hotz, lege errepresibo eta bortizkeriaren» aurka. Are, lubaki feministak baliagarriak zaizkie «patriarkatuaren izaera sistematikoaren eta feminismoaren despolitizazio saiakerei» aurre egiteko, «garaipen eta etorkizun feministak blokeatu nahi dituztenei erantzuteko».

Hirugarren Baterajotzea

Duela bi urte Usurbilen (Gipuzkoa) egin zuten Baterajotzea, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren atarian. Utopiak lehertzeraino lelopean, ehunka feminista elkartu ziren, gazteek grebarako «antolaketa propio bat» behar zutela sinetsita.

2021ean, berriz, Baterajotzea Mugimenduan gaude, lurrikara gara lelopean egin zuten, Elizondon (Nafarroa). 600 lagun inguru bildu ziren. Helburua feminismoaren burrunba eta dardara hedatzea izan zen; eta, bertzeak bertze, hainbat krisiren gaineko gakoak aztertu zituzten, ikuspegi feminista oinarritzat hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.