BC3ko iketzailea

Elisa Sainz de Murieta: «Urrun gaude 1,5 graduko helburutik, baina Parisko Akordioaren aurretik 3,5 gradutan geunden»

COP28ari begira, Itxaropenaren eta ezkortasunaren arteko sentimenduarekin dago Sainz de Murieta, eta Parisko Akordioa sinatu zenetik lortu ez denari ez ezik, lortu denari ere erreparatzeko eskatu du.

ELISA SAINZ DE MURIETA
IÑIGO SIERRA
Nagore Arin - Iñaki Petxarroman
2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Dubain egingo den klimari buruzko goi bileran parte hartuko du Elisa Sainz de Murieta (Bilbo, 1977) EHUko irakasle eta BC3ko ikertzaileak.

Arabiar Emirerri Batuetan egingo da COP28 biltzarra, petrolio ekoizle eta esportatzailerik handienetako batean. Zer sentiarazten dizu horrek?

Jakin genuenetik Dubain egingo zela, denetik entzun dugu. Greta Thunbergen iruzkinetatik John Kerryren ekarpenetara. Egia esan, ez dakit. Badirudi itxaropen gutxi izateko aukera dagoela, baina, beharbada, erregai fosilen muinean bertan dagoen gizon bat behar dugu gai horri bultzada bat emateko. Ni bi alde horien artean nago: batetik, ikusten dut esperantza gutxi egon daitekeela, hor interes handiak egongo direla; baina, bestetik, pentsatzen dut agian hor barruko norbait dela egokiena aurrerapausoren bat emateko. Eta gero, oroigarri bat: klima aldaketaren inpaktuek eragingo digute guztioi, berriki Dubain izandako muturreko euri jasak eta uholdeak dira horren adibide.

1,5 graduko helburua lortzeak ezinezko dirudi jadanik.

Gure bide orria Parisko Akordioan adostu zen, baina hori konstituzio bat da, eta hori garatu egin behar da. Adostasuna munduko batez besteko tenperatura igoera 1,5 gradura murriztea bada ere, han ezarri zen arkitektura behetik gorako prozesu bat da: zer esan nahi du horrek? Kyotoko Protokoloarekin alderatuta, denen ekarpena eskatzen dela, jakinda denek ez dutela ardura bera, eta denek ez dutela lan bera egin behar. Eta, bestetik, Parisko akordioak aurreikusten du herrialde bakoitzak aurkezten dituela bere helburuak. Zein da kontua? horiek denak batuta, ez gaudela oraindik helburutik gertu. Zer esan nahi du, beste COPetan ez zaiola horri eutsi? Ez, Parisek aurreikusten du bost urtean behin berritu egin behar direla konpromisoak, eta hori egiten ari dira, baina oraindik urrun gaude, eta hau aurrera doan prozesu bat da.

Zer beharko genuke COP honetan?

Hainbat helburu daude, eta argi dago 1,5 gradu horretara hurbiltzeko konpromisoak zorroztu egin behar direla. Beste helburu garrantzitsuak dira egokitzapena eta finantzaketa. Zeren, klima aldaketari ekarpenik txikiena egin dioten herrialde horiek ari baitira gehien pairatzen inpaktuak. Beraz, prozesu horretan ardura handien dugunok finantzatu egin behar dugu. Esan behar da ez dagoela derrigortasunik nazioarteko konbentzioaren barruan, akordioak aho batez hartzen baitira. Beraz, herrialde bakoitzak hartzen ditu bere erabakiak. Baina, tira, Kyotoko Protokoloan baziren konpromiso lotesleak, eta ez ziren bete. Uste dut Parisko Akordioak zoru bat ezartzen duela denak helburu berari erantzuteko, eta erakusteko arazo globala dela. Gero berraztertze prozesu bat sortzen du. Eta horretan ikusten da zeinek egiten duen bere lana, eta zeinek ez.

«1,5 graduko horretara hurbiltzeko, konpromisoak zorroztu egin behar dira. Egokitzapena eta finantzaketa ere helburu garrantzitsuak dira»

Hamarkada honetan energia berriztagarrien ahalmena hirukoiztea planteatzen ari dira. Posible ikusten duzu?

Klima aldaketa gelditu nahi badugu, erregai fosiletatik datorren energia kontsumoa aldatu beharra dago. Zati bat izan daiteke kontsumoa murriztea, baina beste zati bat ordezkatu beharko dugu, eta, horretan, energia berriztagarriak oso garrantzitsuak dira. Horrez gain, baina, badira beste neurri batzuk: eraginkortasun eta aurrezki energetikoa... Eta berriztagarriek bezain rol garrantzitsua daukate. Zenbait arloren deskarbonizazioa oso zaila izango da, garraio mota batzuk, industria astuna... Helburua eta prozesua dira garrantzitsuak. Eta hor trantsizio politiken onarpen mailaz hitz egin beharra dago. Prozesu inklusiboak eraman behar dira aurrera. Behar ditugu politika eta erakundeak biztanleak inplikatzeko erabakietan.

Finantzaketa aipatu duzu. Zer gerta daiteke aurten?

Herrialde garatuek eta aberatsek adostu zuten 2009an 2020tik aurrera jarriko zituztela 100.000 milioi dolar urtero. Hori orain arte ez da bete, eta haserre handia eragin du herrialde pobreetan. Berri ona da, horri dagokionez, zeren 2023an bete berri baita konpromiso hori. Hori ezinbestekoa da arrazoi etikoengatik, bai eta Parisko Hitzarmenaren hirugarren helburu nagusia delako ere. Parisko Akordioaren lehen balantze globalaren garrantzia azpimarratu du, hari begira zehaztu beharko dituztelako herrialdeek konpromiso berriak 2025ean.

Zer forma hartuko du kalte eta galeren funtsak?

Oraindik ez da zehaztu, baina, badirudi Munduko Bankuaren bidez bideratuko dela. Badirudi kontsentsu bat egon dela, eta hori itxaropentsua da. Zalantza da ea zein izango diren funts horien onuradunak, bai eta zer rol izango duten Txinak eta beste herrialde batzuek ere.

NBEk iragarri du, estatuek hartutako konpromisoak betez gero, 2,5 eta 2,9 gradu artekoa izango dela batez besteko berotzea mende amaieran. Ez al da etsigarria?

Parisko Akordioa baino lehen, aurrean genuen agertokia 3,5 eta 4 gradu arteko berotzea zen. Egia da urrun gaudela helburutik, baina erronka ez da makala. Berotegi gasen isurketa murrizteak esan nahi du aldatu behar dugula gure gizartearen egitura osoa, goitik behera. Nola sortzen dugun energia, nola elikatzen garen, nola mugitzen garen... Premia dago, inpaktuak jadanik hemen daude, baina ez da bat-batean egin daitekeen trantsizioa, denbora behar du. Nire azterketa da 2,7 graduko bidean bagoaz Parisko Akordioari esker dela. Aurretik genuen agertokia askoz ere txarragoa zen.

Egungo egoeraren argazki bat ez ezik, beraz, bide orri bat ere izan nahi du inbentarioak, ezta? Nondik nora eta nola jo argitzen lagunduko duen txosten bat…

Euskaraz esan diezaiokegu balantze globala, akordioaren osteko lehena. Parisko Akordioak prozesu bat aurreikusten du, eta hor helburu bat jartzen da: isurketen aldetik non gauden neurtzea, baina baita egokitzapenari aurre egitea ere. Eta hirugarren helburu handia da zehaztea finantzaketa eta ezagutza, teknologia eta laguntza. Hiru gauza horiei begiratzen die balantzeak, eta oso tresna baliagarria izan daiteke aurrerantzean. Zergatik? Emaitzak herrialdeen arabera lantzeko gero, zeren 2025ean helburu berriak aurkeztu behar dituzte, eta aurrekoak baino asmo handiagokoak izan behar dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.